argia.eus
INPRIMATU
“Ez nuen kasik astirik izan dentistari galdetzeko, bost minutuko kontsulta izan zen”
  • Aho-hortzetako osasun profesionalen ardura faltaz eta desinformazioaz mintzatu da Ainhoa. Zuhurragina kentzeko itxaron zerrendan dago.

Olaia L. Garaialde 2023ko martxoaren 27a

Txikitatik dentistari beldurra dionez, Ainhoak oso mentalizatuta joan behar du dentistara eta zalantzarik gabe atera. Duela bi aste Osasunbideako Aho-hortzetako Osasunaren Atalean izan zen, eta ez zen kontent atera: “Galdera asko nituen, baina bost minutu besterik ez zizkidaten eman”. Gertatutakoaz hitz egin nahi du, baina ez du abizenik eman nahi.

Zuhurragineko min “handia” zeukalako eskatu zuen hitzordua Iruñeko Conde Oliveto anbulatorioan. Uste baino lehenago artatu zuten: “Hitzordua eskatu eta bi astera eman zidaten, entzuna nuen askoz gehiago itxaron behar dela”. Hala ere, “gogorra” izan zela kontatu du: “Ahoa puztuta neukan, eta min handia nuen; ezin nuen lorik egin”.

Bi astez itxaron ostean, dentistarekin soilik hamabost minutu inguru egon zela kontatu du: “Arazoa azaldu, hagina begiratu eta kendu behar zidatenez erradiografia bat eskatu zidan”. Hortik bi astera eman zioten hitzordua erreadiografia egiteko eta dentistarekin egoteko.

“Dentistak erradiografia erakutsi zidan, eta paper bat eman zidan sinatzeko: ‘Sinatu hemen, eta hagina kentzeko gutun bat bidaliko dizute’”, kontatu du. Ez zioten azalpenik eman, eta bost minuturen ostean kanpoan zegoen. Hagina kentzeko kirurgia baimentzen zuela adierazten zuen dokumentuaz ari da. Hizki larriz esaldi bat ageri da dokumentuan: “Dokumentuaren inguruko zalantzarik izatekotan lasai asko galdetu dentistari”.

Ebakuntzarengatik urduri eta beldurtuta dago, eta hiru hilabeteko itxaron zerrenda dagoela esan diote. “Bitartean ez didate mina baretzeko deus eman”

Horrez gain, salatu du “azkar” sinatzeko eskatu ziotela: “Ez nekien ongi zer zen, baina urduri nengoen, eta niri begira zeuden. Askotan presioarengatik gauzak sinatzen ditugu pentsatu gabe, baina gero zalantzak sortzen dira”.

Dokumentuaren arabera, sinatzaileak adierazten du ulertzen duela egingo dioten ebakuntza: “Soilik dakit hagina kendu behar didatela, baina ez ditut arriskuak ezagutzen”. Gaineratu du beste bat kentzeko aukera ere eman ziotela: “Esan zidaten ea goikoa kendu nahi nuen, eta galdetu nienean ea beharrezkoa zen, ezetz esan zidaten”. Ez zuenez sobera informaziorik, soilik mina ematen diona kentzea erabaki du: “Horrelako erabaki bat nik hartu behar izatea arduragabea iruditzen zait”.

Dokumentuak ere badio pazienteak denbora izan duela nahi adina zalantza galdetzeko: “Hain azkar egin zutenez dena, ez nuen kasik astirik izan galdetzeko, bost minutuko kontsulta izan zen”. Horrez gain, kexatu egin da ez dizkiotelako arriskuak azaldu: “Dokumentuaren beste aldean jartzen ditu arriskuak, baina eskertuko nuke dentistak azaltzea, batzuk larriak direlako”.

Oro har dokumentua sinatzeak adierazten du behar bezala azaldu diotela prozesua pazienteari, baina esan du “ezinezkoa” dela bost minututan azalpen on bat ematea. Gaineratu du ebakuntzarengatik “urduri” eta “beldurtuta” dagoela, eta hiru hilabeteko itxaron zerrenda dagoela esan diote. “Bitartean ez didate mina baretzeko deus eman”.