argia.eus
INPRIMATU
Ez nago ados

Igor Estankona 2020ko martxoaren 29a

 

 

 

Thoreauren poemak (benetako zein apokrifoak) | Antologia
Booktegi, 2018

 

 

Booktegin badago harribitxi bat, 2018an eskegi zutena, Thoreauren poemak (benetako zein apokrifoak), Antonio Casado da Rochak apailatua. Hitzaurrean Casado da Rochak dio Henry David Thoreau (Concord, Massachusetts, 1817-1862, estatubatuar filosofo, idazle eta naturalista) ez zela poeta ona. Egia esan, antologoak Thoreauren beraren iritzia jaso besterik ez du egin: “Eskolako maisua izan naiz, baita tutorea, lur-neurtzailea, lorezaina, baserritarra, pareta-margotzailea, arotza, igeltseroa, jornalaria, arkatz egilea, idazlea eta sasipoeta ere”.

Ez nago ados, hala ere.

Zer da, bada, poeta ona izatea?

Hamasei urterekin Harvarden hasi zenean ez zen eulirik sartzen Thoreauren ahoan. Handik atera zenean, bost hizkuntzatan irakurtzen zituen idazle behinenak. Eta Concordera itzuli zenean, Ralph Waldo Emerson poetaren eskutik transzendentalismorantz egin zuen. Emersonek esan zion bere baitan zeramala zeruko izpi bat, eta modu landu eta jasoan ekin behar ziola bizitzari. Bakartu egin zen. Eguneroko bat estreinatu zuen: “Apirilak 1. Eguzkiak jota,/ berrabiatu da natura osoa,(…) eguzkiak eta apirilak jota”.

Eta horrela ibili zenez, kontenplaziora emana, giza natura ezagutu zuen. Gizakia otsoa dela ere bai, ulertu zuen ederto: abolizioaren alde egin zuen, zerga objekzioa praktikatu zuen. Biak konbinatu zituen: desobedientzia zibilaren inguruko teoriak, zein dena utzi eta lakuan arrantza egitearen plazera. Thoreau, era horretan, geroko idazle askoren iturburu klasiko bihurtu zen, bakea naturaren bakean bilatzen duen pentsamendu-korronte baten adierazle. Otutzen zait Rexroth. Otutzen zait batez ere Snyder. Otutzen zait Artze.

Poeta ona izan zen beraz Thoreau. Baina, noski, poesia bere obra guztian zehar bilatu behar da, edo areago bere etsenpluan: “Zabal/ sentitzea, zabal ulertzea, zabal adieraztea naturaren edertasuna,/ poesiaren zeregin bakarra da”. Antonio Casado da Rochak liburu zoragarria opatu digu, beraz, eskuragarri duzuena Booktegin, iruzkin eta guzti.