argia.eus
INPRIMATU
Ez Molestatu Bwana Erdalduna
  • Izen hori daukan Facebookeko taldearen izena ekarri dut goiburu, horixe baita gure gainean (gure artean bainoago) bizi diren erdaldun aloktono nahiz autoktonoen lehen manamendua. Horixe bera euskaldun gehienek hezurretaraino barneratutako ohiko jarrera ere: menpekotasun gorria, makurtzen irakatsi bazieten gure aurrekoei espainiarrek eta frantsesek, bortxaz eta mespretxuz, eta sumisioaren transmisioa egiten laguntzaile bilakarazi zituzten sarri-sarri gure aurrekoak, eta gure sasoikide gehienak ere, oharkabean.

JJ Agirre 2018ko irailaren 19a

Gerta liteke, gertatzen da, agintari eta ordezkari abertzaleak eurak izatea erdaldunekiko menpekotasunren sustatzaile, baita baldintzarik onenetan ere.

Erakunde gehiegitan gertatu ohi da, aldi bereko itzulpena eskura izan arren, euskal hiztunek ere erdaraz jardutea, erdaldun nagusiekiko “hurbiltasunez” (menpekotasunez) euskaldunak baztertu eta lotsarazi arren. Eusko Jaurlaritzan adibidez.

Edo Jaurlaritzatik irten barik, sail batek beste sail batek helarazitako txostena atzera botatzea euskara hutsez dagoelako (erdara hutsez daudenak gozo-gozo hartu arren).

Gerta liteke, eta gertatu ohi da, familia euskaldunaren etxean senide autoktono “euskaltzale” erdaldunkonpletoaren bisita jasotzea; eta etxeko batzuk bata besteari erdaraz egiten hastea haren aurrean “errespetuz” (menpekotasunez), senide erdaldunkonpleto “euskaltzale eta progresistak” ez baitu jasaten bere aurrean euskaraz jardutea.

Gerta liteke, eta gertatzen ari da, elkarte abertzale bateko kide (elebidun) batzuek, erdara hutsez zabaltzea informazioa besteei, elkarte horretako arauek besterik esan arren: eta dagokionari kexa helaraztean, dagokion horrek (euskalduna izan arren) “poliki-poliki” erantzutea, inongo neurririk hartu gabe, malgutasunaren (menpekotasunaren) izenean.

Bwana erdalduna ez molestatzeko hizkuntza politika hedatu da EAJtik (psoE makulu) urteotan guztiotan, eta kutsatu egin da beste erakunde askotara ere.

Sedukzioa eta borondatea behar omen euskaltzaleon tresnak. Erdaldunenak aldiz nagusikeria, bortxa, mespretxua, Estatu biren egitura guztien zama eta derrigortasuna dira, hara non!

Ez dago albaitaria izan beharrik, irizpide hauekin jarraituz gero emaitza zein izango den jakiteko. Barkatuko didate, edo ez, baina esan beharra dago: zapalduen eta baztertuen borondatean eta “sedukzio indarrean” oinarritutako politikak iruzur hutsa dira.

Albiste hau Zuzeuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.