Ministroa arduratuta dago, Hego Euskal Herriko gaztetxoek gaztelania ikasiko ez duten beldurrez, edo euskara gehiegi ikasiko duten ikaraz.
Hemen ardura euskarak eragiten du, ez gaztelaniak. Arrue ikerketaren emaitzak badakizkigu, ez du berri harrigarririk eskaini. Hezkuntza komunitateak bazekiena egiaztatu du: haur-gazteek guk nahi baino gehiago egiten dute gaztelaniaz ikasgela barruan eta jolaslekuan; non eta eskolan, euskararen gotorlekuan (Mikel Zalbidek esana). D eredua ez da errezeta marabilosoa. Ikasle askok etxean ezin dute euskaraz egin, familiako inor hizkuntza berean erantzuteko gai ez delako, eta kalean beste hainbeste gertatzen zaie. Soziolinguistikoki zonalde erdaldun direnetaz ari gara.
Zonalde euskaldunetan lasaiago bizi gara, aukera gehiago dute haur-gazteek han eta hemen euskaraz bizitzeko. Hala ere, Pello Zubiriak bere blogean gurasoen erlaxatzeaz idatzi digu. Euskara dakiten gurasoez ari da, helduekin kafea gaztelaniaz hartzen duten eta umeei merienda euskaraz ematen dien horietaz, “nire umeak D ereduan ikasten du”.
Haur eskoletan, gaztelania ere erabiltzeko egindako proposamenaz ari ginen berriketan Itziar Idiazabalekin, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailearekin: “Haur eskolako atariraino eraman bitartean zein hizkuntza entzun du ume horrek? Gurasoak zein hizkuntzatan egin dio? Gurasoa haur zaintzailearekin euskaraz ala gaztelaniaz aritu da? Haur eskolatik ateratzen denean zer entzungo du ume horrek? Ez al da begi-bistakoa euskara eta gaztelania ez daudela maila berean gure gizartean, eta bigarrena dela arriskuan ez dagoen hizkuntza?”.
Espainiako ministroari bost inporta hausnarketa soziolinguistikoek. Bihar ordea, ehunka-milaka lagun elkartuko dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan Wert erreformaren kontra. Euskararen alde egiteko modu bat da, inondik ere. Baina Madrileraino joan gabe, etxeko sukaldean badaukagu nora begiratu.
Oharra: Artikulu hau Onintza Iruretaren Jalgi hadi plazara blogetik ekarria da. Bertan euskarari buruzko artikulu eta gogoeta gehiago topatuko dituzu.