argia.eus
INPRIMATU
Jose María Paricio
“Ez jarri maskararik haurrei, umeen beldur diren helduek jar dezatela”
  • Jose María Paricio Valentziako pediatra da eta 40 urteko esperientzia du Osasun sistema publikoan. Aita eta aitona izateaz gain, edoskitzearen eta hazkuntzaren defendatzaile ezaguna da. COVID-19 iritsi eta lehen egunetan edoskitzea deabrutzen hasi zutela eta, bularra ematea eta koronabirusa bateragarriak direla informatzen hasi zen berak zuzentzen duen e-lactancia webgunean. Heike Freire pedagogoarekin batera, haurren beharrizan, eskubide eta konfinamenduaren ondorioei buruzko hainbat artikulu argitaratu du.

Axier Lopez @axierL 2020ko maiatzaren 05
Argazkia: Angélica Castro

Zergatik izan da Espainiako Gobernua, bere burua ezkertiartzat duena, mundu osoko konfinamendurik gogorrenetakoa ezarri diena biztanle guztiei eta haurrei bereziki?

Txinaren eta Italiaren ondoren kaltetutako lehen herrialdeetako bat izateko zorte txarra izan genuen. Hasieran oso gutxi genekien birusari buruz, eta beldur handia zegoen eragin zezakeen gaitzari buruz. Txinak hartutako antzeko neurri drakoniarrak ezarri zituzten Italian eta Espainian.

Baina aste gutxiren buruan birusa oso ezaguna zen. Besteak beste, berehala jakin zen nori ari zaion eraso egiten eta nori ez. Koronabirusak, batez ere, oso adineko pertsonei eta aurretik gaixo daudenei egiten die eraso. Hortik aurrera, neurri zorrotz eta zehatzagoak egin zitezkeen, eta ez hain indiskriminatuak.

Hor daude Espainiako Estatuko estatistikak: hildakoen batez besteko adina 83-84 urtekoa da, eta % 97k arrisku-faktore bat baino gehiago zuen aurretik. Orduan, ahaleginak jende hori babesteko egin zitezkeen, ezta? Dena oso inprobisatua izaten ari da.

Ez dirudi oso eraginkorra izan denik.

Ez, ez zaigu beste batzuei baino askoz hobeto joan. Alderantziz. Milioi bat biztanleko, kutsatu gehien duen Europako herrialdea gara. 500 hildako milioi biztanleko. Gure ondoren dauden Italiaren eta Frantziaren oso gainetik, hirurehun eta koska dute haiek eta, adibidez, Alemania ez da 100era ere iristen.

Zergatik joan zaigu hain gaizki? Zaila da asmatzen. Baina, egia esan, bizitza osoan gaizki joan zaigu. Nik 40 urte egin ditut osasun publikoan lanean, eta negu guztietan izugarria zen ohe bat zainketa intentsiboetan aurkitzea. Lurralde guztietako osasun publikoko sistemak merezi eta behar duen  mailan egotea lortu behar dugu. Izan ere, gobernu batzuek apurka-apurka suntsitu digute eta.

Duela gutxi, Espainiako Estatuaren eta Suitzako kurben arteko alderaketaz irakurri nizun.

Suitzan gure azpitik daude, oso, eta oso bestelako konfinamendua ezarri dute han. Deigarria da Suitzaren kasua, estatistikak, beste hainbat herrialdek egiten duten bezala, biztanle kopuruaren arabera aurkezten dituelako eta ez zifra orokorrak esanez. Adibidez, AEBak dira koronabirusak hildako gehien eragin duen herrialdea, baina, halere, daukaten kaosaren barruan, haien heriotza-tasa globala Espainiakoaren oso azpitik dago. Suitzak oso ondo aurkezten ditu bere estatistikak 100.000 edo milioi bat biztanleko, baita biztanleria-segmentuen arabera ere.

Orduan konturatzen zara biruak ez dituela umeak ia kaltetu ere egin. Suitzan, buruz ari naiz, 20 urtetik beherako 100.000 lagun 50 kutsatu dira. 20 eta 70 urte bitartekoetan 200-300 eta 80 urtetik gorakoetan, 800 kasu. Datuak horrela aurkeztuta, jabetzen zara pandemia horrek nori eragiten dion. Hildakoei dagokienez, han ere 80 urtetik gorakoak dira gehienak.

Batzuek diote, "bai baina, ez dakit nongo gazte bat hil egin da". Bai noski, angina batzuengatik hil gaitezke, nik ikusi dut jendea hiltzen anginak, pneumonia edo apendizitisagatik... baina ez da ohikoa. Eta kasu hauek gutxiengoa izanik, ez da batere normala komunikabideek ia egunero horiei hauspoa ematea. Beldurgarria da. Erantzukizun handia dute gertatu denarekin eta inork ez ditu geldiarazi. Morboak eta gaininformazioak beldur handia sortu dute eta ziurrenik larrialdietako zerbitzu askok gainezka egin du horregatik.

Argazkia: Dani Blanco.

Oso gutxitan ikusten da gobernu bat bost ordutan zerbaitetan atzera egiten. Eta esanguratsua da haurrei zuzendutako lehen neurriarekin gertatu izana.

Zein ari da gobernuari aholkuak ematen? Batzuek uko egin diote aholkatzeari. Adibidez, Espainiako Pediatria Elkarteak konfinamenduaren osteko lehen komunikatuan honako hau esan zuen: "Helduek egiten dutena egin dezatela haurrek". Hau da, ez zioten aholkurik eman.

Batez ere aholkulari talde zientifiko-teknikoa dute: birologoak, epidemiologoak, etab. Non daude pedagogoak, soziologoak, auzo-elkarteak edo gurasoak, adibidez? Beren ustez, profil oso teknikoa duen talde batekin arazoak konponduko dituzte eta, azkenean, haurren kasuan gertatu bezala, akatsak egin dituzte. Umeen gaian, ez dute ezer ulertzen, haurren beharrak eta eskubideak zer diren. Ez dakite zer den herrialdeko errealitate soziala. Nola bururatu ahal zitzaien esan zutenaren moduko tontakeria?

Haurrak supermerkatura eramatea?

Hori tontakeria dela jabetzeko ez duzu zertan epidemiologoa edo horren moduko zerbait izan beharrik. Supermerkatura? Normalean haurrak eramaten ez diren leku batera, non, gainera, leku itxi eta jendez betea izanik, kutsatzeko arrisku handiagoa dagoen? Esandakoa, gaizki aholkatuta daude.

Dena dela, eskertzekoa da azkenean atzera egin izana eta ordu gutxiren buruan erratu zirela publikoki esatea. Hori oso eskertzekoa da. Jakin nahi nuke zer egingo zuketen haien aurka protesta egiten ari diren beste batzuek. Horiek ez zuketen atzera egingo ezta erotuta ere. Gerra aginteari eutsiko zioten.

Aginte bakarra eta bertikala da nagusi.

Ez al litzateke hobea izango kudeaketa udalerrien esku uztea, deszentralizatzea? Begira, adibide bat. Nire herrian, Gandian, hondartza lau kilometrora dago. Erraldoia da eta hutsik dago. Urtero madrildar guztiak etortzen dira hondartza horretara. Gandiarrek ezingo lukete inoiz hondartza hori bete, ezta denak batera joango bagina ere. Hala ere, haurrak ezin izan dira hondartzara joan.

Berriz gertatzen zaigunean, berriro gertatutako baita, gorakada bat izango dela ziur bainago, espero dut gehiago pentsatzea eta aholkulariak hobeto aukeratzea. Matematika eta estatistika kontuetako teknikariak izateaz gain, hezkuntzaren, herritarren eta gurasoen ordezkariak ere izan daitezen.

43 egunen ostean "asintomatikoak" kalera ateratzen hasi dira.

Hasieratik argi zegoen haurrak ez zirela kutsatzeko bektore arriskutsuak. Munduko herrialde guztietan horrela izan da, eta idatzita dagoen guztiak horixe dio: haurrak gutxi kutsatzen direla eta oso eragin txikiarekin.

"Asintomatiko" hitza zentzugabe erabili izan da. Orain badirudi mundu honetan gerta dakizukeen gauzarik okerrena sintomarik ez izatea dela. Berez ona den zerbait, gaixotasun bat sintomarik gabe pasatzea, negatibo bihurtu da. Mundua hankaz gora. Sintoma gutxi duenak, gutxitan egiten du eztul eta eztula gutxitan egiten duenak gutxi kutsatzen du. Haurrek beste norbait kutsatu dezakete, noski, baina denok, gizaki guztiok kutsatu egiten dugulako. Baina gehien kutsatzen dutenak sintomatikoak dira. Umeei estigma hori ezarri zieten eta ondoren lau pareta artean itxi zituzten.

Haurren Eskubideen Konbentzioaren lehen artikuluak dio haurra garela 18 urtera arte. Espainiako Gobernuaren ustez, ez.

Nola bururatu zaie hori? Zergatik 14 urterekin kalera atera eta 15 urterekin ez? Nondik atera dute muga hori? Sorpresa kutxa da gobernua. Harrigarria da haiek baztertu izana. Berriz ere, badirudi ez direla fio herritar gazteenekin.

Argazkia: Dani Blanco.

Bideo batean esan duzu "ez jarri maskararik haurrei"…

…haurren beldur diren helduek jar dezatela.

Baliagarriak al dira maskarak gu birusetik babesteko?

Listuan botatzen ditugun tantetatik edo doministiku edo eztul egitean muki gisa, airetik transmititzen den mikrobioetatik babesteko, onena eztulka ari denarengandik urrun egotea da. Ez dago azterketarik esaten duenik maskara eraman duten biztanleek lehenago gainditzen dutela epidemia bat. Ez dago horrelakorik.

Eztulean botatzen dugun mukiaren zati handi bat kanpora ateratzea saihesten dute maskarek. Baina horrek ez du esan nahi birusak ateratzen ez direnik. Oso ondo jarrita egon behar dute, ume askok ez daki ondo jartzen, asko larritu egiten dira, eta maskara, gainera, mukiz eta arnasaren lurrunez betetzen da apurka-apurka, eta frogatu dutenez, kaltegarria ere izan daiteke askotan maskaraz aldatzen ez baduzu, aho eta sudurraren inguruan giro itxi eta biziatua sortzen delako.

Maskara erabiltzearen eta epidemia bat geldiarazteko onuren arteko lotura egiaztaturik ez da. Bai, ordea, pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea eraginkorrena dela egiaztatzen dutenak. Horregatik, OMEk ez du maskara jaztea ezinbesteko baldintza gisa jarri.

[Maskaren eraginkortasunari buruzko informazio eta datu gehiago Paricioren ondorengo artikuluan: Maskara eraginkorra al da birusetatik babesteko?]

Badirudi maskarak Asiatik kopiatutako beste "moda" bat direla.

Asiako herrialde jakin batzuetan ia ohikoa izaten da maskara, baina, batez ere, hirietako kutsadura maila handiagatik jazten dute.

Pixkanaka, maskarak ikustera ohitzen ari gara, eta gailentzen ari dira baina ez dago horren atzean arrazoi baliagarririk.

Gaixoak zaintzen dituen jendeak erabili behar du maskara, askotan haiengana hurbildu behar direlako. Eta agian gaixorik daudenek ere erabili beharko lukete, baita metro edo metro erdi bateko distantzia mantendu ezin dugun lekuetan ere, hala nola garraio publikoetan. Baina paseatzera irteteko maskara jartzeak ez du zentzurik.

Baina uste dut borroka galdua dela. Denok maskaratuta amaituko dugu, eta soziologikoki zerbait tristea da hori. Hitz egiten dugunean, elkarri begiratzen diogunean, aurpegia oso garrantzitsua da lagunekin, familiarekin eta ezagunekin harremanetan jartzeko. Soziologoentzako gaia da; zer gizarte motatara ari garen zuzentzen hausnartzeko.

 

Argazkia: Dani Blanco.

Ez lehen eta ez orain, ez dirudi haurra premia propioak dituen subjektutzat hartzen denik.

Hori garrantzitsua da. Orain konfinatu egin ditugu, baina hala egin dugu, agian beti nahi izan duguna egin izan dugulako haiekin. Haurren oinarrizko eskubideak ez errespetatzetik dator, akaso. Ez dugu haiei ezer galdetzeko ohiturarik.

Adultozentrismoa. Normala iruditzen bazaigu umerik gabeko espazioak egotea: trenak, hotelak... Orduan, zergatik ez kaleak, ezta?

Debekatuta egon beharko luke. Diskriminazio hutsa da. Pentsa hotel batean jarriko balute "debekatuta dago zaharrak sartzea" edo "hotel hau ez da zaharrentzat". Horrek asko esaten du hori baimentzen duen gizarteari buruz.

Oso erraza zen agintzea haurrak etxean geratzeko. Baina norbaitek esan behar zuen, eta zer gertatzen da etxean geratzen badira? Jende "oso atseginak" esan du "nire seme-alabekin berriz elkartzeko aukera bikaina da". Baina, mesedez! Zure seme-alabekin topo egiteko konfinatu egin behar bazaituzte, arazo bat duzu.