Puntu batzuk aipatuko ditugu, kapitalaren iritzirako irabazi ekonomikoen objektu ezinbestekoak eta klaseko posizio hegemonikorako euskarri direnak, eta, aldi berean, klase lider izaten jarraitzeko arriskurik handiena dutenak. Hori esaten dugunean, ez dugu subjektu zapaldu bat bera ere gogoetatik kanpo uzten, zapalkuntza guztiak kapitalaren eta bere ezinbesteko patriarkatuaren arabera antolatuta eta uztartuta baitaude, bere horretan irauteko.
Horrek guztiak zerikusia du kapitalak mahai gainean jartzen dituen fronte erasokor eta defentsiboekin, denok sartuta gauden klase borroka saihestezinean, kontziente izan edo ez. Hala, alde ditu komunikabide gehienak bere sistemaren abangoardia gisa, eta horiek, estatu kapitalistaren botereekin, alderdiekin, sindikatuekin, elizarekin, sistema betetzen duten askotariko ikasketa-zentroekin, organismoekin eta intelektualekin batera, eutsi egiten digute, filosofia burgesaren arrazoinamenduen pean murgilarazten gaituzte eta posible dena eta ezinezkoa dena sinestarazten digute. Norbaitek, modu oso kontzientean, behekoen aurka edo euren lan indarra saltzen dutenen aurka bideratzen baldin badu bere jarduera-ildo zorrotza, berriro diogu, kontzientziarekin edo kontzientziarik gabe, kapitala da eta bere klasea, klase burgesa, hain justu ere.
Euskal Herriko berritsurik handienak (eta…, PSOE-GALek goraipatua) esandakoaren arabera, EAJ, PSOE eta EPren arteko akordioa trilero joko bat baino ez da, EH Bilduk eta EAJk sinatutako Espainiako estatutu baskongado berriaren aurreakordioa desnaturalizatu egiten baitu. PSOE eta EAJrik gabe ezin zela aurrera egin eta ezin zela ezer lortu errepikatzeaz nekatu ez den berritsu bera. Orain, euskal sozialdemokrazia kexu da burgesia eusko-espainiarrarekin, aurrez hitzartutakoa ez betetzeagatik, PSOE-GALi mesede egiten dion bitartean. Gogoan izan behar dugu, duela gutxi, Sortuko liderrek sei urteko epean ziurtatu zutela Euskal Herriaren independentzia, eta, aldi berean eta aldizka, ate barruan, justifikatu egiten dutela bere jardun politikoa, bai eta, independentziaren eta sozialismoaren helburu historikoen ukazioa ere, gaitz txikiago gisa.
Aipatutako gertakarietatik eta, denbora eta paper falta dela kausa, zerrendatu ezin ditugun beste gertaera askotatik ateratzen ditugun ondorio telegrafikoekin amaitzen dugu.
Independentzia eta sozialismoa lortzeko ezin dugu, Euskal Herrian zehazki, borroka alde batean utzi. Ez diogu inori baimenik eskatu behar gure etorkizunari buruz erabaki ahal izateko. Autodeterminazio eskubideak bere funtzioa izan zuen, eta nazioarteko ordena burgesak onartu egin zuen, batzuetan, halabeharrez, herri armatuen borondateak metropoliak garaitu zituelako, beste batzuetan, ordea, inperialisten arrazoi ekonomiko abantailatsuak zirela medio. Zapaltzen eta esplotatzen gaituen etsaiaren eskubide logiko, etiko, juridiko, politiko eta ideologikotik ezer ez dugu eskatu behar, ezta espero ere. Etorkizunean, Euskal Herrian lan indarra saltzen dutenen etorkizuneko ongizatea (bai eta, eskuratutako botereari eusteko borrokarena eta internazionalismo iraultzailearena ere) Euskal Estatu Sozialista izango da, bestela, ongizaterik ez da izango. Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista eta Iraultzailea eraiki dezagun! Aurrera beti!
Jon Iurrebaso Atutxa