Gerra Urte, Gezur Urte!
Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.
Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat herritar elkartu ginen egoeraz gogoetatzeko. Horren guztiaren hausnarketa egin ondoren, herritar adierazpen bat adostu genuen. Agiriaren izenburua Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean da. Berau gizarteratzeko beharra ikusita, azkenik, adierazpen hori publiko egin genuen 2025eko urtarrilaren 4an Donostian, euskal herritarron oroimenean hain adierazgarria den Aieteko jauregiaren atarian.
Hona hemen prentsaurreko herrikoian irakurritako manifestua:
Gerrarik ez, ez gure izenean!
Munduan, Europan eta Euskal Herrian, non-nahi geroz eta gehiago entzuten ari gara hedabideen bidez gerra danborrak. Egoeraz jabetuta, hainbat herritar bildu gara Gerrarik ez, ez gure izenean leloaren inguruan. Ez gara kolektibo bat, herriko jende arrunta baizik. Herritar independenteak gara.
Nahiz eta gerra bat eta berbera izan, fronte ugari daude martxan munduan. Gatazka zaharra da. Hibridoa da. Esparru asko ditu: militarra, ekonomikoa, energetikoa, kulturala, soziala… Hamarkadetako gatazkez gain, egunetik egunera fronte gehiago jartzen dituzte martxan: Ukraina, Palestina, Libano, Siria, Sahara, Yemen, Sudan, Somalia, Myanmar (Birmania)… Hori nahikoa ez balitz bezala, fronte berriak ireki nahian dabiltza: Georgia, Moldavia, Hego Korea, Irak…
Gatazka horietan guztietan, NATO eta bere bazkideak sarturik daude zuzenean edo zeharka. Noski, beren interesak babesteko, eta ez herritarrenak.
Egoera latz eta bortitz horren aurrean, NATOtik ateratzea eta gatazkan parte hartzen duten alde guztiek gerra egiteari uztea beste irtenbiderik ez dugu ikusten
Orain, egoera inoiz baino latzagoa eta arriskutsuagoa bilakatu da. Uneotan, badago mundu mailako gerra nuklearra bihurtu daitekeena eta lehertzeko zorian dagoena: Ukrainakoa, hain zuzen ere.
Egoeraren larritasunaz jabetuta, herritarrok ondorengoa adierazi nahi dugu ozen lau haizetara:
1. Gerrari ez: hedabideen bitartez, Ukrainako gerra eta Palestinako sarraskia jarraitzen ditugu ia zuzenean. Ziurrenik Palestinakoa da gehien hunkitzen gaituena, genozidioa geure begiekin ikusten ari garelako. Baina ezin ahaztu aipatutako beste gatazka guztiak.
2. Gerra horiek elikatzeari ez: dagoeneko milaka milioi euro xahutu dituzte gure gobernuek gatazka leku horietara armak bidaltzen, herritarroi kontsulta egin gabe. Jakin badakigu Euskal Herriko hainbat enpresa ari dela armagintzan, gerrak elikatzen, hain zuzen ere. Hori gutxi ez eta aurrekontu militarrera Barne Produktu Gordinaren %3 gutxienez bideratzea exijitzen die NATOk bere kideei. Diru kopuru izugarri hori Osasungintza, Hezkuntza, Kultura eta abar pribatizatuz lortu nahi dute. Herritarron erosahalmena eta ongizatea murrizten ari dira, gu pobretzen ari dira.
3. NATOri ez: gogorarazi nahi dugu hego euskal herritar gehienok, Euskal Herrian egon den erreferendum bakarrean, ezezko biribila eman geniola NATOri 1986. urtean. Atlantismo erasokor hau bukatu egin behar dugu.
4. Soldaduskari ez: soldaduska berriro inposatu nahian dabiltza Europako hainbat herrialdetan. Horren hotsak dabiltza eta herrialde batzuetan dagoeneko soldadutza berrezarri dute edo baldintzak zorroztu dituzte, datozen urteotan Europan Errusiarekin gerra bat egongo dela argudiatuz.
5. Desinformazioari ez: negargarria da hedabide gehienek gai hauetaz eskaintzen duten alde bakarreko ikuspegia eta informazio lerratua. Egiten duten propaganda gerrazalea eta NATOren zuriketa lotsagarriak dira. Gerra urte, gezur urte.
Mugitzen ez bagara, laster gure seme-alabak ikus genitzake gerra-frontetik hilda ekartzen NATOren uniformearekin.
Egoera latz eta bortitz horren aurrean, NATOtik ateratzea eta gatazkan parte hartzen duten alde guztiek gerra egiteari uztea beste irtenbiderik ez dugu ikusten.
Manifestu honen bitartez, ondorengoa exijitzen dugu:
1. Euskal Herriko udalek, diputazioek eta gobernuek NATOrekin harremanak puskatzea eta horretarako lan egitea exijitzen dugu.
2. Euskal Herriko udal, diputazio eta gobernuei irmo eskatzen diegu ordaintzen ditugun zergen zentimo bakar bat gehiago ez bideratzeko ez Ukrainako gerrara, ez beste inongo gerrara, ezta arma bakar bat gehiago bidaltzeko ere.
3. Frantziako eta Espainiako estatuetako gobernuei Euskal Herriak bozkatutakoa errespetatzeko eta NATOtik ateratzeko exijitzen diegu.
Herritarrei dei egiten diegu eskaera hauek bere egin eta mobiliza daitezen.
Gerrarik ez, gurekin ez kontatu.
Ez gara zuen gerrara joango.
Ez dizkizuegu gure seme-alabak entregatuko
Gerrarik ez, ez gure izenean!
Prentsaurrekoa eman ondoren, manifestuaren alde atxikitzeko garaia da orain. Herritarrok adierazpen horri babesa adieraztea biziki baliagarria da eta berebiziko garrantzia du egunotan. Agiria babesteko, herritarrok izen-abizenak, herria eta e-maila eman besterik ez dugu egin behar ondorengo webgunean:
https://ezgoazgerrara.wordpress.com/atxikitu/
Hau hasiera besterik ez da. Aurki askoz gehiago izango gara!
Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!
Eta zu, gerrara al zoaz?
Rafa Beloki Zapirain, Ihintza Tellabide Amunarriz, Miren Sukia Muñoz