"Kultura egin nahi genuen, baina instituzio eta abarretatik esan ziguten behin eta berriz ezetz, gu ez ginela kultura, gu feriante ginela; azkenean feriante izatea erabaki genuen, eta oso pozik gaude –adierazi du Iker Galartzak umoretsu, saria jasotzerakoan–".
Zirkoarekin Euskal Herri osora iritsi nahi dutela eta saiatuko direla gaineratu dute sarituek, txoko ahalik eta gehienetara. "Zuek, Argiakook, 100 urte egin dituzue, soka-dantzan, guk ere badakigu soka-dantzan eta egin ditzagula beste hainbeste urte, eta zuek konta dezazuela!".
Oinak lurrean, eta etxea gainean, Euskal Herriko txoko ugaritara heldu dira dagoeneko umorea, goxotasuna eta harritzeko gaitasuna hedatzen. Horregatik saritu nahi izan ditugu. Artista familia ibiltaria, aitzindaria dela esan dezakegu. Bi urte baino ez daramatza batera eta bestera Gure Zirkuak, eta jarraitu egingo du abenturak. Gustura atera ez den norbait aurkitzea lan zaila da, jarraitzaileak baino, jarraitzaile sutsuak dituzte-eta.