argia.eus
INPRIMATU
GuraSOS ekimena
“Ez gaude lasai, gure haurrekin ezin daiteke jolastu”
  • Errausketa eta osasunari buruzko jardunaldian GuraSOS elkarteak galdera ugari jarri ditu mahai gainean, “eta norbaitek erantzun beharko ditu”.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko maiatzaren 23a

Hernaniko Orona-Ideo eraikinean arratsalde osoko jardunaldia egin zuen larunbatean GuraSOSek, Zubietako errauskailuak haurrengan izango duen eraginaz kezkaturik berriki sortu den elkarteak. “Gure seme-alaben osasunaren alde egingo dugu, beti –azaldu zuten aurkezpen hitzaldian–; guraso bezala ez gaude lasai, gure haurrekin ezin daiteke jolastu”.

Osasungintzako  eta hezkuntza munduko hainbat adituren iritziak bildu dituzte jardunaldian. Bertan egon ezin izan zuenak, GuraSOS elkartearen Twitter kontuan eta Noauaren Youtubeko kanalean edukiko ditu ondorio batzuk ateratzeko laburpen eta bideoak.

Besteak beste, Fernando Palacios Ikerketa Zientifikoen Goi Zentroko (CSIC) ikerlariak hitz egin zuen. Bere esanetan, errausketarekin gai kutsagarrien maila oso altua sortzen da, eta horiek 10 kilometrotik harago ere azal daitezke: “Substantzia arriskutsuen isuria gertatzen da bai errauskailu zaharretan bai berrietan, neurriak zorrotzak izanik ere”.

GuraSOSek errausketaren inguruko iritzi ezberdinak bildu nahi izan zituen jardunaldietan eta osasun publikoko ordezkariak ere gonbidatu zituen horretarako, baina ez ziren bertan izan: “Hau hutsune bezala bizi dugu”, azaldu zuen elkarteko kide batek. Hala, lan-taldeetan sorturiko zalantza eta galdera ugari geratu dira mahai-gainean, “eta norbaitek erantzun beharko ditu; gurasoak gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude horretarako”.

Jardunaldiok GuraSOSen lehen urratsa baino ez dira izan, gehiago etorriko direla ziurtatu dute. Bien bitartean, sinadura bilketarekin segitzen dute webgunearen bidez, dagoeneko 3.000 lagunek eman dien sostengua euren manifestuari (pdf).

Clara Perales, errausketaren biktima: “Ez da posibilitate bat, nirekin egiaztatzen da kalte egiten duela”

Clara Peralesek bere esperientziarekin hunkitu zituen Hernanin bildutakoak. Madrilgo Valdemingómez errauskailuaren kontra salaketa jarri duen biktimetako bat da bera. Hemen esandako batzuk:

“Nire osasun arazoak planta ireki eta gutxira hasi ziren eta larriagotzen joan dira. Arnasten dudan airearekin dute zerikusia, lehenik alergia arazoekin hasi nintzen eta ondoren asma azaldu zitzaidan. 2008an bronkioetako geruzan alterazio bat diagnostikatu zidaten, arnasten nuen zerbaitek eraginda noski, geruza hori dilatatu egiten baita.

Urtean bi edo hiru aldiz arnas-infekzioak izaten ditut eta ospitalean egon behar izaten naiz. Baina beti konplikatzen da. 2014an neke handiarekin nenbilen, medikuek susmoa zuten sistema immunologikoa erasanda izan nezakeela eta proba asko egin ondoren ikusi zuten ez-hodgkin linfoma nuela. Barea hiru alditan infektaturik izan dut eta pankrea beste behin. Orain tratamenduan nago, injekzioak ematen dizkidate; jarraitzen dut eritasunaren kontrako borroka pertsonalarekin, inkapazitate osoa daukat.

"Ni duela gutxi amona izan naiz eta nire biloba hazten ikusi nahiko nuke, zer eskubiderekin kendu didate aukera hori?"

Eta hori guztia substantzia batek eraginda. Errauste-planta hori existitu ez balitz, seguruenik nik ez nituen osasun arazo horiek izango. Kantzerra oso hitz potoloa da, bizi kalitatea erabat hondatu dezake eta zalantza izpi bat baldin badago errauskailuak hori sortu dezakeela... Baina ez da, dioten bezala, ‘posibilitate bat’, nirekin egiaztatzen da kalte egiten duela, nik orain arte nire osasun-ohiturak asko zaindu izan baititut.

Zuek aita-amak zarete, haurrez ere ari baikara, eta haiei heldutasunera iristeko aukera hori kentzeaz. Ni duela gutxi amona izan naiz eta nire biloba hazten ikusi nahiko nuke, zer eskubiderekin kendu didate aukera hori? Errebelatzeko modukoa iruditzen zait, hau injustua dela esateko modukoa”.