Geriatricarea gunean irakur daitekeenez, medikuntzako hamaika elkarte zientifikok eragin zuzeneko ahozko antikoagulatzaileen (EZAA) preskripzio askea eskatzen dute. Sintromaren alternatiba da, Fibrilazio Aurikularra duten pazienteetan iktusa eta beste fenomeno tronboenboliko batzuk prebenitzeko. Duela gutxi tratamendu hau hastea egokitu zait, eta Osakidetzako Ikuskaritza Medikoak bisatua ukatu dit. Izan ere, estatuko irizpide bat jarraitzen du, Jarrera Terapeutikoari buruzko Txostenean (IPT) adierazia, erabat zaharkitua eta Europan eta nazioartean dauden ebidentzien eta gomendioen aurkakoa (OME).
Berdin zaie EZAAak erabiltzeak onura handia izatea pazienteentzat, eta Europan iktusa prebenitzeko lehen aukera izatea paziente horiengan. Berdin zaie Sintrom duten pazienteen erdia baino gehiago gaizki antikoagulatuta egotea eta tronbo-fenomenoak, hemorragikoak, hilkortasunekoak eta osasun-gastukoak izateko arrisku handiagoa izatea.
Erizaintzako langileak falta diren garaiotan, zentzugabea dirudi beren osasun-zentroetan Sintromen hainbeste kontrol mantentzea eta prebentzioa ez hobetzea. Kantabrian zuzenean erabiltzen dituzte EZAAak, bisaturik behar izan gabe. Eguneratu zaitezte!
Iñigo Jaca Arrizabalaga, medikua.