argia.eus
INPRIMATU
Ez gai

Rafa Arriola 2024ko ekainaren 13a

Lantokirainoko ordubeteko joan-etorrietan, autoko irratia dut lagun. Atzoko bidaian, kontakizun laburrez osaturiko irratsaioaz gozatzeko aukera paregabea izan nuen, Karrantzara naraman bihurgunez betetako errepidearen azken mendateari ekiten nion bitartean. Kondaira motzak, bai, hitz gutxikoak, baina eduki handiko istorioak.

Edozein gertaera dela, egungo gizartean berehalako bideo edo argazkiak sare sozialetara igotzeko ohitura ez dago gelditzeko modurik. Batzuetan, harritzen nau irratiko esatariek jazoera gogorrak deskribatzeko erabili behar dituzten hitz-kopuru handiak. Beste batzuetan, gerrak, kasu, eskertzen diet kazetariei hura kontatzeko hitzik ez daukatela aitortzea, nire irudimena martxan jartzea lortzen baitute. Akaso, horixe baita helburua. Nork jakin!

Sarritan, berbak soberan daudelako pertzepzioa dut. Beilatokian, lagun bati ematen diogun besarkadak bost ele ordezkatzen ditu: "Ama bikaina izan duzu. Atsekabean lagun"

Sarritan, berbak soberan daudelako pertzepzioa dut. Gabonetan, aireportuko itxarongelako beiratearen beste aldean gaudela, besoa eta eskua altxatzeak lau hitzen esanahia du: “Ongi etorri etxera, alabatxo!”. Beilatokian, lagun bati ematen diogun besarkadak bost ele ordezkatzen ditu: “Ama bikaina izan duzu. Atsekabean lagun”. Ostiraletako poteoan, tabernara heldutakoan, aupa xume bat sei berbaren parekoa da: “Kaixo, lagunok. Zelan joan zaizue astea?”. Etxetik atera aurretik, bikotekideari ematen diogun musuak bederatzi berba aurrezten dizkigu: “Asko maite zaitut. Egun ona pasa eta kontuz errepidean”.

Ikasle batek HABEren azterketa baten idazlanaren emaitza ekarri dit gaurko eskolara, zuzenketaren irizpideak komentatzeko: egokitasuna, koherentzia, kohesioa, aberastasuna zein zuzentasuna; denetan C (nahiko). Berriz, emaitza ez gai. “Nolatan?”, galdetu diot. “Hamabi hitz faltan, Rafa, hamabi!” erantzun dit gixajoak.

Rafa Arriola