argia.eus
INPRIMATU
Espetxe zigorrik ez Alvarez aita-semeentzat, pankarta bat jartzen saiatzeagatik Donostian
  • Asteazken goizean fiskala eta defentsa elkartu dira eta akordio bat erdietsi dute. Joseba eta Eñaut Alvarez aita-semeak 2023ko San Sebastian bezperan Donostiako Plaza Berrian Etxera zioen oihal handi bat teilatutik alderik alde jartzen saiatu ziren. Bertan poliziekin izandako tira-biraren ondorioz eskatzen zizkieten bi urte eta erdiko eta urte eta erdiko espetxe zigorretik libre geratu dira, eta isun bat ordaindu beharko dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2025eko urtarrilaren 29a
Joseba eta EƱaut Alvarez, epaitegitik atera berritan. Lander Arbelaitz

"Prozesua amaitu da, atzera egin behar izan dute, autoritateari atentatua akusazioa erori egin da, ez zuelako inolako oinarririk, eta espetxe zigorrik ere ezin izan digute sartu. Guztia isun batean geratuko da. Saiatu dira bi urtez Plaza Berrira sartzeko debekua ezartzen, baina hori ere ez du onartu epaileak eta gure kalkuluen arabera, 5.000 euro inguruko isuna jarriko digute. Pankarta, beraz, garesti xamar atera zaigu, baina jarraituko dugu pankartak jartzen, propaganda politikoa egiten eta borrokan", esan du Eñaut Alvarezek epaitegitik atera berritan kanpoan babesa adierazten izan dituzten dozenaka pertsonen aurrean, pozik.

Salatu dute "guztia Donostiako Udaltzaingoaren muntaia poliziala" izan dela. Gertaerak jazo eta hiru hilabetera iritsi zitzaien zigorraren berria, eta Joseba Alvarezek zera salatu du: "Gure aurka egiteko ez zeukaten ezer ere ez".

Joan den astean ARGIAn Leire Ibar kazetariak eginiko elkarrizketan kontatu zuten gertatutakoa:

"Atentatua leporatzeko arrazoiari begiratuz gero, espediente judizialaren arabera, behatz bateko “azaleko urradura” egin izana leporatzen digute. Behatza ez dago okertuta, ez hautsita, udaltzainek ez dute kolperik salatzen. Txosten juridikoan urradura bat soilik dagoenean, atentatuaren akusazioa jartzeak adierazten du guk ez genuela biolentziarik erabili. Pankartako sokarekin sokatira bat egon zelako ezarri dute hori, pankartaren soka plazatik zihoan alderik alde, gu alde batetik tiraka eta beraiek beste aldetik tiraka. Garbi gelditu da, hor egon zen eraso bakarra beraiek egindakoa izan zela, guk nahiko lan geneukan pankarta jartzearekin, ez genien eraso egin. Muntaia polizial bat antolatu dute, gertakari horrekin gu zigortzeko eta zirkuitotik kentzeko. Egia da ez geniela kasurik egin eta desobedientzia egin genuela, adierazpen askatasunarekin pankarta politiko bat jartzeko ez baita baimenik eskatu behar. Erresistentzia egin genuela onartzen dugu, baina atentatu bat egon zenik inondik ere ez".

Gauzak horrela, salatu dute Donostiako Udaltzaingoa bi urte eta erdiko eta urte eta erdiko espetxe zigorrak eskatzera iritsi izana, baina pozik geratu dira fiskalarekin erdietsitako akordioarekin.