Lotia naiz normalean. Astean zehar batez ere. Ikastola, azterketak, lagunak, partikularrak… dena egin ondoren ez dago ohea ez den besterik nire buruan. Baina gaur, gaur ezin dut lo hartu. Ezin ditut pentsamenduak antolatu, eta oraindik gutxiago gertatutakoak ahaztu.
Banekien horrela pentsatzen zuen jendea zegoela munduan. Baina nire herrian, nire ikastolan, nire gelan, ez zen posible! Suposatzen dut inozo samarra izan naizela. Ez nuen ikusi nahi egia:
Beti sortu da horrelako tentsio bat gelan, emakumeen alde egin denean; jasan dituzten injustiziak gaitzetsi ditugunean; edo mutil batzuen jarrerak kritikatzean. Lehergailu moduko bat den tentsioa da. Zuk badakizu hor dagoela, nik badakit, berak ere: gelako 26ok dakigu. Baina inork ez du ezer egiten. Ez dago lehertuko dela pentsatzen duenik. Hala ere, azkenean lehertzen da. Hainbeste denbora daramazu pentsatzen zeinen errua izango den gertatzen denean, zeinek jasan beharko duen hutsegitea, nola erreakzionatuko duzun… ez duzula pentsatzen zuk esandako zerbaitek sortuko duela eztanda. Hori da okerrena, eztabaida nik sortu dudala erantzutean.
"Neska batzuek mutil talde batengandik genero indarkeria jasaten duten bezala, mutilek ere jasaten dute neskengandik".
Buruan dut oraindik esaldia. Nola geratu behar nintzen isilik? Nola? Tira, agian gehiegi berotu naiz, baina ez buru eta ez hanka ez duten horrelako esaldiak entzutean sutan jartzen naiz. Sutan. Izan ere errespetu falta bat da, bai indarkeria jasan duten emakume guztientzat eta bai gaiari ikusgarritasuna ematen saiatzen ari diren emakume eta gizon guztientzat. Horrelaxe esan diot, eta zer ez dit ba erantzun, berak egia zioela, feministek ezkutatzen zuten egia.
Erantzutera nindoala entzun dut nire atzean min gehien eman didana. Horrelako norgehiagokak gertatzen direnean ez da zaila zure burua pertsonez osaturiko borobil baten barruan ikustea. Eta horixe bera gertatu zait. «Ez egin kasurik, beste feminazi bat da». Hitzik gabe geratu naiz. Geldirik. Izoztuta. Nola esan dezake hori norbaitek? Ez dakit.
Gelatik atera eta piper egin dut. Ez dut ondo jokatu, baina joan egin behar nuen. Hurrengoan, haserrea menperatzen ikasten badut, aurre egingo diet. Horixe baietz.
Gauerdia da. 2018ko otsailaren 18a. Aharrausi egin eta lo hartu dut.
Jone Alberdi Goya. Laskorain Ikastolako DBH 4. mailako ikaslea
Artikulu hau Tolosaldeko Atariak zabaldu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.