argia.eus
INPRIMATU
EAEko funtzionarioek ez dute Gabonetako lansaria kobratuko
  • Eusko Jaurlaritzako 67.000 langile publikoek ez dute Gabonetako lansaria kobratuko. Auzitegi Konstituzionalak, Espainiako Gobernuak jarritako salaketa onartu eta ordainketa egiteko tramite guztiak etetea eskatu baitzuen. Jaurlaritzak erabakia kritikatu arren, auzitegiak esandakoa betetzeko behar beharrezko neurriak hartuko duela jakinarazi du. Jakinarazpen ofiziala iritsi orduko 207 milioi euroko transferentzia eteteko eskatuko die bankuei.

Josu Urtubia @otxua 2012ko abenduaren 12a
Auzitegi konstituzionalak hartutako erabakia beteko du Eusko Jaurlaritzak.

Patxi Lopezen gobernuak atzo eginiko bilkuran erabaki zuen auzitegiak zioenari men egitea. Hartutako erabakia honela argudiatu zuen: “Gobernu honek beti esan du sistema demokratikoa eta auzitegien erabakiak errespetatzen dituela”. Orain epaileek bost hilabete dituzte lansaria ez ordaintzeko erabakia behin betiko bihurtzen duten edo ez erabakitzeko.

Jaurlaritzak, Gabonetako lansari hau behin betiko galduko balitz, ekaineko lansaria urtarrilera aurreratzea eskatuko duela iragarri du Iñigo Urkulluk. Jeltzaleek erabaki hori beste erakunde batzuetan ere hartu dute, esaterako Bizkaiko Foru Aldundian.