argia.eus
INPRIMATU
Ez dute euskal herritarrek erabakitzen!

Unai Villacorta Rollan 2020ko ekainaren 03a

Frantses amorratua eta ikastolen kontra egiteagatik ezaguna egin den Guy Poulou Ziburuko auzapezak, “ez dute euskal herritarrek erabakitzen” adierazi zuen Ziburu Biziren galderaren ondotik.

Bere ahotik zaborra entzuteaz ohitua nintzen arren, oraingoan zoritxarrez arrazoi osoa eman behar diot... biziki ongi azaldu baitu hitz gutxitan begi bistakoa dena: Ziburun bezala, Euskal Herri osoan ez dutela Euskal Herritarrek agintzen.

Espainiar eta frantziar estatuek dute agintzen Euskal Herrian. Eta ez gaitzatela engainatu: hirigune elkargoa, edota autonomia estatutuarekin eskumen gutxi batzuk deszentralizatu dituzten arren, etsaiek agintzen segitzen dute. Oroitu bestela zer gertatu den osasun krisi garaian Katalunian eta Euskal Herrian… Espainiak eskumenak berreskuratu dituela… Edo orain dela urte batzuk Euskal Herritar batzuek Uztaritzen agindu nahi izan zutenean euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz… Frantziak nork agintzen duen oroitarazi zuela.

Euskal Herritarrok erabaki ez dezagun, Frantziak okupazio poliziala, kulturaren ordezkapena eta bere sistema politikoa inposatzen dizkigu. Tradizio koloniala segituz, frantses bilakatu nahi gaitu. Ez ditugu ahantzi behar 1846an prefetak erran zituen hitzak: “Nos écoles au Pays Basque ont particulièrement pour objet de substituer la langue française au basque”.

"200 urtetik gora itxoin behar izan dugu gure lurraldea soilik modu sinbolikoan marraztua izateko. Eta ezin dugu beste horrenbeste denbora itxaron Frantziak karitatez emanen dizkigun ogi papurren zain"

Horretarako, Korsikan edo Kanakian bezala populazio mugimenduak bultzatzen ditu, nazio zapalduko herritarrak gutxiengo bilakaraziz. Gaindegiak 2013an jadanik ohartarazi zuen XILABAko biztanleen %42a ez zela bertan sortu, Miarritze (%61), Angelu (%51) eta Baionako (%51) datuak adierazgarriak direlarik. Denak frantsesak ez diren arren, etorritakoen %75 osatzen dute, eta bistan da horrek eragina duela nazio kontzientzian.

Zorionez, etortzen direnetako batzuk berehala ulertzen dute bizi dugun egoera, eta euskara ikasteaz gain, nazio askapen borrokan inplikatu direnak ere badira. Baina orokorrean ez da hala, ez dugulako horretarako indar eta medio nahikorik.

Frantziak asimilaziorako bitarteko guziak erabiltzen ditu eta egoera larria da. 200 urtetik gora itxoin behar izan dugu gure lurraldea soilik modu sinbolikoan marraztua izateko. Eta ezin dugu beste horrenbeste denbora itxaron Frantziak karitatez emanen dizkigun ogi papurren zain.

Horregatik pozez hartzen ditut Urruñan hilabeteko lehen larunbatero 19:30etan “independentzia” lelopean eginen diren elkarretaratzeak. Eta bertan parte hartuko dut, denbora gure kontra baitoa eta argiki aldarrikatu behar dugulako berezkoa zaiguna!

Ez dezatela erran, ez dezatela erraterik izanen Kantauriko hegian herri bat izan zela.