argia.eus
INPRIMATU
Ez dituzte Espainiako Zigor Kodeko sexu-delituak berrikusiko batzordeko emakume eta gizonen kopurua berdina izan arte
  • Zigor Kodean sexu-delituen balizko erreformari buruz eztabaidatu behar zuen ostiralean aditu talde batek, baina bere egitekoa bertan behera uztea adostu dute, harik eta lantaldean “gizon eta emakumeen arteko oreka” ziurtatu arte.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 11
"La Manada" auziaren epaiaren aurka kalera atera ziren milaka emakume Iruñean (Arg: El Salto)

“La Manada” auziaren epaia jakin zenean, Rafael Catalá justizia ministroak ateak ireki zizkion Zigor Kodearen balizko erreforma bati, eta Zigor Kodifikazioaren Batzordeari eskatu zion erreforma beharrezkoa den edo ez aztertzeko.

Batzorde hau hogei gizonez osatuta dago, ez dago emakumerik taldean. Asteazkenean, Espainiako Gobernuaren kontrol saioan, PSOEk eta Unidos Podemosek batzordean berdintasuna bermatzea galdegin zioten justizia ministroari. Hori egin beharrean, Catalák sei katedradun gonbidatu zituen bakar-bakarrik auzi honetan laguntzeko. Horietatik lauk gonbidapena ukatu zuten, “partxe” modura erabili zituztela argudiatuz. Azkenean, lau emakumek hartu dute parte ostegun honetako bileran, hogei gizonekin batera: Avelina Alonso, Blanca Hernandez, Carmen Lamarca eta Victoria Ortega.