Egiptoko NBEren goi-bilerak ez du aurrerapauso esanguratsurik lortu, baina klima larrialdiaren ondorioen aurrean “herrialde zaurgarrienek” dituzten kalteak ordaintzeko funts bat eratzea adostu dute, eragile sozialen urteetako eskariari erantzunez. Ez dituzte hitzartu gainerako auzien konponbideak, hala nola erregai fosilei eta berotegi gasen isuriei dagozkienak.
Beste behin, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) goi-bilerak ez du fruitu eraginkorrik eman. Azaroaren 19an itxi dute akordioa herrialdeek, azken egunetan blokatuta egon ostean. Hitzarmenaren puntu nagusia txalotu dute eragile ekologistek, eta azpimarratu dute mugimendu sozialen presioari esker lortu dela herrialde pobretuen urteetako eskariari erantzutea: klima krisiaren hondamendiek gehien kaltetzen dituzten “herrialde zaurgarrienei” zuzendutako funts bat sortzea adostu dute, kalteak eta galerak ordaintzeko.
Greenpeace taldeak nabarmendu du “justizia klimatikoaren hasiera” dela funtsa eratzea, eta herritarren garaipena dela, baina ohartarazi du ez dela nahikoa: “Ez bada berehalakoan baztertzen erregai fosilen erabilera, ez da munduan diru kantitate nahikorik egongo ordaintzeko galeren kostuak eta kalteak”.
Bada, COP27ko akordioan ez dute erregai fosilak alde batera uzteari buruzko erabakirik hartu, ezta berotegi gasen isuriei dagozkienik ere. “Akordioak ez du inolako aurrerapausorik klima aldaketa txikitzeari dagokionez, Glasgow-ko COP26arekin alderatuta”; Ecologistas en Acción taldeak “onartezintzat” jo du “urtebete galdu izana” klima krisiari aurre egiteko borrokan.
Goi-bilerako herrialde pobretuenen lehentasun nagusia zen funts bat sortzea. Historikotzat jo dute akordioa, baina errealitatean funts horretan momentuz ez dago ezer; ez dute erabaki zenbat diru bilduko den ere. Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian itxitako hitzarmenean ez dute zehaztu nork jarriko eta jasoko dituen funtsak, ezta zenbatekoa izango den ere.
Hitzartutakoaren arabera, “garabidean dauden herrialdeek” eskatu ahalko dute kalte ordainetarako diru hori. Kontua zera da, “garatutako herrialdeen” eta “garabidean daudenen” sailkapena NBEren Klima Aldaketari Buruzko Hitzarmenean erabaki zutela, 1992an. Ordutik garabidean dauden herrialdeak dira, besteak beste, Qatar, Saudi Arabia edota Kuwait, hirurak petrolio ustiatzaileak. Txina ere garabidean daudenen multzokoa da, eta atmosferara CO2 gehien isurtzen duen herrialdea da, baita munduko bigarren ekonomia indartsuena duena, Berriak gogorarazi duenez. Beraz, zalantzazkoa da nor den zaurgarriena klima larrialdiaren aurrean.
Gainera, funts horren eraginkortasuna ikusteko dago. Izan ere, 2015ean sinatutako Parisko Hitzarmenean adostu zuten klima trantsizioa egiteko pobretutako herrialdeentzako funts bat sortuko zela, 2020. urtetik urtean 100.000 milioi dolar emango zituena. Orain arte, bi urte horietan, soilik 80.000 milioi bildu dituzte, Eldiario.es-ek gogorarazi duenez. Bide beretik joan liteke oraingo funtsa ere.
Funtsaren funtzionamendua zehazteke geratu da Egiptoko biltzarrean, eta, ondorioz, behin-behineko batzar baten esku geratuko da aurrerantzean. Horrexegatik iruditu zaio albiste “gazi-gozoa” Javier Andaluz Ecologistas en Acción elkarteko bozeramaileari, El Salto hedabideari jakinarazi baitio funtsaren funtzionamendua ez dela adostu.
Aurten ere nazioarteko hainbat eragile ekologistak kritikatu dute NBEren goi-bilera greenwashing hutsa dela. Greta Thunberg Fridays for Future taldeko ekintzaile gazteak bertara joateko gonbidapenari uko egin dio, horixe salatuta. Gainera, Extinction Rebellion mugimendu ekologistak ohartarazi du goi-bilerako enpresa-babesleen %90 lotuta daudela erregai fosilen erabilerarekin. Horien artean Coca Cola, munduko plastiko ekoizlerik handiena. Denetara, petrolioaren, gasaren eta ikatzaren aldeko 636 lobby zenbatu dituzte COP27en.
Halaber, COP Civic Space taldeak salatu du ez dagoela justizia klimatikorik giza eskubiderik gabe, eta gutxienez 86 herrialdetako sinadurak bildu dituzte ohartarazteko Egipton milaka aktibista daudela kartzelan, inolako arrazoirik gabe, eta estatuaren errepresioa itzela dela. Atxilotu politikoak askatzeko galdegin dute, eta goi-bilerak Egiptoko Gobernuaren jarduna zuritzen duela kritikatu.