Alex Salmond eta David Cameron, Eskoziako eta Erresuma Batuko lehen ministroak, hurrenez hurren, atzo bildu ziren Edinburgon 2014erako aurreikusita dagoen Eskoziaren independentziaren inguruko erreferendumaz hitz egiteko.
Cameron Eskoziari eskumen gehiago emateko prest agertu da erreferendumaren emaitza ezezkoa izatekotan. Salmondek ordea proposamena zehazteko eskatu dio Cameroni; "Ezezkoaren truke zerbait eskainiko digula esateak ez dut uste Eskozian inor konbentzituko duenik".
Cameronek bileratik "zapuztuta" irten zela eta eskoziarrek independentzia nahi izatea "tristea" izango litzatekeela esan zuen. Gainera, Eskoziaren independentziak gizarte, politika eta ekonomia alorretan ondorioak izango lituzkeela ohartarazi zuen. "NBEren Segurtasun Kontseiluan dugun eserlekua, EBko partaidetza, NATOn dugun lidergoa, alor nuklearrean dugun disuasio-ahalmena, indar armatuak... dena dago Erresuma Batuaren baitan".