2015ean Arrasaten sortutako talde honen ezaugarri nagusienetako bat da diskoz disko zabaltzen duten mezua irmoa dela gizartearen patroi estuetatik aldentzen eta patroi horiek salatzen. Baina ez beste askok egiten eta egin izan duten bezalaxe; barruragorik egiten dutela esango nuke.
Oraindik gazteak badira ere, oso gazte hasi ziren Lost Girls, No Ways eta antzeko taldeetan parte hartzen. Gerora, baina, 2015ean, Perlata sortu zuten laukote moduan, eta erakusten zuten jarrera lotsagabe –zentzu onean– eta sinesgarriak arreta piztu zuen, lehenbizi Arrasate aldean eta gero beste hainbat lekutan.
2017an Lorentzo Records-en grabatu eta taldeak autoekoitzitako Nondik hasi diskoak harrera beroa izan zuen: nolabait batzen zituen punk-rocka, rock-and-rolla, etorria eta, batzuetan, karga poetikoa. Ia jarraian, 2018an, Urrezko kaiola argitara eman zuten; hau ere –guztiak bezala– Berrizko estudio beteranoan grabatua, eta lehengoaren ildo antzekotik baina zikinagoa zein ilunagoa, eta oraingoan ingelesari euskararekin batera leku gehiago eginez.
Orain hirukote gisa datoz, bestelako ñabardurak gehitzen zizkion biolinik gabe momentuz. Duguna esateko punk-rock oldarkorra da, indartsua eta azkarra. Limón&Chocolate, lelo rock-and-rolleroa duen punk-rock azkarra. A shadow, power-popa. Irakurri begiak, taldearen marka daukan pieza rockeroa, melodikoa eta malenkonia tanta duena, ederra. Helduen gezurrak, abesti bete-betekoa: rock gogorra, hardcore-punka eta tempo lasaiago errezitatuak batzen ditu, Ekhiñe Casadoren parte hartzearekin. Ocho balas, Trullo y sus Zurullos Mecánicos talde ezezagunaren kantu amorratuaren bertsio rock-and-rollero borobila da. La reputación, barruraino sartzen den punk melodikoa. Tu presencia, goxotasunetik garraztasunera garatzen den pieza. Bakoitza berera eskola zaharreko punk-rock azkarra da. La uniformidad, kaleko rocka, 77ko punka eta beste batzen dituen deiadar kanta. Eta, azkenik, taldearen marka daukan Moio rockero irekia. La reputación eta Limón&Chocolate kantetan Guilty Brigadeko Gartxotek eta Ivanek parte hartu dute.