argia.eus
INPRIMATU
“Ez dugu gizon edo emakume itxura eman behar, dagoeneko bai baikara”
  • Transexual helduentzako Euskal Herriko aurreneko elkartea sortu dute Andoaingo Leitzaran Institutuko ikasleek; Loratuz lotu. Tartean da Brayan Altimasberes hernaniarra.

Kronika 2020ko martxoaren 17a

Ikasturte hasieran ekin zioten lanari. Andoaingo Leitzaran Institutuko Gizarteratzea goi-mailako zikloko ikasleak dira Brayan Altimasberes Alaminos, Gilen Larrañaga Ruiz de Mendoza, Izaro Ariztimuño Montero, Mash Elizalde Etxeberria, Cristina Clemente Garcia eta Ainhoa San Emeterio Mitxelena, eta enpresarekin lotutako ikasgairako, Loratuz lotu elkartea sortzeko lanean hasi ziren; transexual helduentzako Euskal Herriko aurreneko elkartea sortzeko proposamena egin zuten.

Txostenetan eta paperean bildutako ideia hori, errealitatera eraman nahi dute orain. Brayan Altimasberes hernaniarra da, eta bertan lanketa eginda dagoenez, Udalarekin harremanetan jarri dira, proiektua errealitate bihurtzeko babes bila. Plaza Feministan egin diete tokia, eta oraindik ordutegiak zehaztu ez badituzte ere, zabalik daude edonoren zalantzak argitu eta babesa emateko. Sare sozialen bidez erraza da haiekin harremanetan jartzea. Baita telefonoz ere: Mash: 638 738 924 / Brayan: 688 877 148.

Loratuz lotu elkartearen sortzaileak zarete. Nola elkartu zarete?

Brayan Altimasberes: Goi eta erdi maila guztietan dago enpre­sako ikasgaia. Gu euskera taldean geunden. Mash, berriz, gaztelaniakoan. Pentsatu genuen elkarte bat sortzea. Nik aspaldi neukan ideia hori buruan, eta hor aukera izugarria ikusi nuen. Haien klasean ere antzeko ideia izan omen zuten, eta irakasleak pentsatu zuen ona litzatekeela elkartu eta talde bakar bat sortzea. Hitz egiten hasi, eta ikusi genuen denok genuela asmoa proiektua gero errealitatera eramateko, eta horrela, serioago hartu genuen kontua. Lan serioagoa egiten hasi ginen, ez bakarrik ikasgaiari begira, baizik eta azken helburu horretarako.

Nondik dator izena?

B.A.: Erraza ez zen izan! Brainstorming, ideia jasa bat egin genuen, eta irakaslearen laguntza ere izan genuen. Hasierako ideia izan zen Loratzen deitzea. Baina, begira hasi, eta ikusi genuen Naizen elkarteak sortua daukala proiektu bat antzeko izena daukana, eta aldatu beharra genuela pentsatu genuen. Horrela, pentsatu eta pentsatu, Loratuz lotu  atera zen. Azkenean, adierazten du aldaketa edo trantsizio bat egin ondoren, birsortu egiten zarela, berriz jaioko bazina bezala. Sentsazio hori biltzen du, eta, aldi berean, besteekin konektatzeko ideia. Elkarte batean zaudenean hori bilatzen duzu, ikustea ez zaudela bakarrik. Azkenean, hori gertatzen baita, bakarrik zaudela. Trantsizio hori guztia bakarrik egiten duzu, eta horregatik elkartearen ideia hori ere, besteekin lotzeko.

«'Loratuz lotu' izenak adierazten du aldaketa edo trantsizio bat egin ondoren, birsortu egiten zarela, berriz jaioko bazina bezala, eta aldi berean, besteekin konektatzeko ideia»

Zein helbururekin sortu duzue elkartea?

B.A.: Bai Mash eta bai ni trans pertsonak gara, eta trantsizioa nahiko bakarrik egin dugu. Gaur egun ez dago erreferentziarik, ez dago elkarterik, bertara jo eta laguntza eskatzeko, beste pertsona batzuk ezagutzeko. Horregatik pentsatu genuen elkarte bat sortzea, batez ere, antzeko egoerak pasa dituzten beste pertsona batzuk ezagutzeko, eta era berean, besteei ere laguntzeko. Erreferentzia izateko, jakiteko ez daudela bakarrik. Ikusarazteko beste batzuk ere badaudela. Zerbait normala dela, eta ez, beraiei bakarrik gertatzen zaien zerbait.

Mash Elizalde: Eta babes psikologikoa emateko. Azkenean, bakardade horretan sentitzen zara psikologikoki gaizki, eta trantsizio hori ezagutu duten beste pertsona batzuen berri jakiteak ematen dizu indarra, eta askotan behar izaten da. Segurtasuna. Babesa.

B.A.: Laguntza legala eskaintzea ere bada asmoa. Agian, ez legeak sortzeari begira, beste elkarteek egiten duten moduan, baizik eta gehiago, arazo batzuen aurrean laguntza emateko: NANarekin arazoa baduzu, nora jo jakiteko laguntza, adibidez.

Helduen aurreneko elkartea zarete, baina beste batzuk badirela diozue. Zein hutsune topatu dituzue?

M.E.: Gehienak dira LGTB guztia barnebiltzen dutenak, eta ez dago bat trans pertsonentzako bakarrik. Naizen kenduta.

B.A.: Naizen da haur nerabe eta eta familien elkartea. Hau guztia egiteko merkatu ikerketa egin genuen, eta parez pare egin genuen topo Errespetuz elkartearekin. Bost urtez Bilbon bizita ere, ez dut sekula aditu haietaz. Orduan, gure ustez hutsune haundia daukate. Legeak egiteari begira egiten dute lan gehien, baina esan ziguten ez dutela jendea biltzen, eta hor hutsune haundia ikusi genuen. Inork ez du ezagutzen, ez da erreferente inorentzat; mundu honetan oso sartua egon behar duzu elkartea ezagutzeko. Beraz, prozesuarekin orain hasten direnek, oso galduta daudenek, ez dakite nora jo. Lehendabiziko erreferentzia puntua sortu nahi dugu horregatik.

Zein fasetan zaudete orain?

B.A.: Eskolako lana bukatu dugu, eta orain, txostena bukatzen ari gara. Hernaniko Udalarekin hitzordua ere egin dugu proiektua aurkezteko, egoitza lortzeko; Plaza Feministan egin digu tokia. Eta gero, herrian publizitatea egitea. Nik taberna batean egiten dut lan, eta ari naiz azalpenak ematen. Txapak ere saltzen ditugu, jendea ezagutzen ari gara, eta guztia sare sozialetan zabaltzen, noski. Egoitzarik gabe ere, elkartea jendearen aurrean aurkezteko asmoa bagenuen, ahal den guztian laguntzeko. Oraindik bulegoko ordutegia ez dugu zehaztu, baina gure telefonoak denen eskura daude.

«Ez dakit Moiorengatik bakarrik izan den, transfeminismoak egin duen lana izan den, egungo errealitatea desberdina den... baina aldaketa pila bat nabaritzen da. Lanketa haundia dago egina Hernanin»

Merkatu ikerketa hori egitean, hainbat elkarte bisitatu dituzue. Zer topatu duzue?

Izaro Ariztimuño: Gehienak LGTB elkarteak ziren. Joan ginen ikustera zer lan egiten zuten, eta ikusi dugu ez dagoela ezer transei begira. Errespetuz elkartea ezagutu genuen, adibidez.

B.A.: Naizen-eko bozeramailearekin ere izan ginen, haiek zein lan egiten duten oinarri izateko, eta haiek ere gure lana ezagutzeko. Azken batean, haien umeak ere hazten ari dira. Gero, Harrotu elkartearekin ere egon ginen, Nafarroako elkarte bat. Haiek ere pixka bat guztia lantzen dute.

Formazioa, laguntza... eskaini nahi duzue. Baliabiderik badaukazue?

Gilen Larrañaga: Hasiera batean honi guztiari forma eman behar diogu, oinarri bat jarri, eta ikusiko dugu gero, pixkanaka-pixkanaka, zein zerbitzu zabaldu.

B.A.: Etorkizunerako plana da. Oraintxe deitu eta eskatuko baligute hitzaldi bat ematera joateko, joango ginateke, baina momentuz, nahiko airean dago. Gehiago da, oraingoz, kasu zehatzak ezagutuz geo, horretan esku hartzea, eta laguntza eskatzen badute, horretan aritzea.

M.E.: Oraindik elkarte bezala ez, baina, maila pertsonalean, ni joaten naiz eskoletara nire bizipenak kontatzera. Ideia da joatea, nor garen azaltzea, eta gure bizipenen berri ematea. Badago jendea antzeko gauzak bizitzen ari dena, baina ez ditu ulertzen, ez daki zergatik gertatzen zaion berari, eta oso ona da ikustea norbait zure aurrean, hori edo antzeko zerbait kontatzen ari dena.

B.A.: Uste dut Kattalin Minerrek idatzitako liburuak (Moio. Gordetzea ezinezkoa zen. Elkar, 2019) ere pauso haundia eman duela. Hernanin, behintzat, badago bidea hasita. Errazagoa da niregana hurbiltzea, ezagutzen nautelako eta bide bat eginda dagoelako, eta gero, elkartera bideratzea eta zabaltzea.

Andoaingo Leitzaran institutuko ikaskideen artean eratu dute Loratuz lotu elkartea.

Transexualitateaz gero eta gehiago hitz egiten dela dirudi. Zein behar ditu egun komunitate honek?

B.A.: Asko hobetu da egoera. Naizen elkartean lan izugarria egin da, eta oso pil-pilean dagoen gaia da. Baina beti haurrei buruz hitz egiten da, eta guztiak ez dira lauzpabost edo sei urterekin konturatzen edo bide hau egiten hasten, eta heldu asko ez dira ikusten, ezkutuan daude. Umeena oso ondo dago, eta lan ikaragarria egiten ari da, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko, baina uste dut helduetan oraindik behar haundiagoa dagoela. Oraindik ezkutuko gaia da helduetan. Ikusaraztea eta indarra ematea falta da. Ulertaraztea ez dagoela gaizki, ahal duzunean onartzen duzula, eta ez, nahi duzunean.

M.E.: Informazioa ere falta da. Egia da gero eta gehiago hitz egiten dela gaiaren inguruan. Jende askok ezagutzen du 'transexual' terminoa, eta ez du ikusten zerbait txarra bezala. Baina egia da, baita ere, desinformazioa badagoela, eta ondorioz, zurrumurruak, estereotipoak sortzen dira, nolabait, trans pertsonak bultzatzen dituena guretzako batere onuragarriak ez diren bide jakin batzuk jarraitzera.

B.A.: Batez ere, medikalizazioaren inguruan.

M.E.: Trans bazara, bai ala bai hormonak hartu beharra, edo operatu beharra edo halakoa edo halakoa izan behar duzula. Horrek kalte egiten digu.

B.A.: Cis-a lortzea, passing-era iristea, hau da, hainbeste aldaketaren ondorioz, trans zarela nabaria ez denean; helburu hori lortzea. Eta ez du zertan. Bakoitzak nahi duen bidea egin dezake, eta erabakiak hartzea librea da. Ez du inora iritsi behar. Hori ulertarazi nahi dugu.

M.E.: Ez dugula gizon edo emakume itxura eman behar, dagoeneko bai baikara.

«Umeek askatasun haundiagoa daukate transexualitatea aldarrikatzeko, baina helduetan oraindik oso zaila da. Erreferente pila bat falta dira helduen artean»

Inkesta parea egin zenuten azaroan, transexualitatearen inguruan datuak biltzeko. Zer jaso duzue? Harritu zarete?

M.E.: Ni ez. Jasotakotik asko esperotakoa zen. Egia da inkesta horretatik ondorioztatu genuela 'transexual' terminoa ezaguna dela, baina zalantza asko zegoen transexual eta transgenero izatearen artean dauden desberdintasunen gainean. Positiboa izan zen, bestalde, trans pertsonek esatea beharrezkoa ikusten zutela egiten ari garen hau egitea; oso polita iruditu zitzaidan. Inkesta desberdinak egin genituen trans eta cis pertsonentzat.

B.A.: Inkesta horren bidez ezagutu genuen, baita ere, Errespetuz. Uste dut harrigarriena iruditu zitzaiguna izan zela haien erantzuteko modua, jarrera. Joan ginen haiek ezagutzera, esan ziguten hasieran bai bazeuzkatela jendea elkartzeko zehaztutako egunak. Baina iritsi omen zen momentu bat, jendeak joan nahi ez zuena edo nahi ez zuena besteek jakiteak trans zirela. Horrek harritu gintuen, gure inguruan, behintzat, behar hori ikusten baitugu. Ez dakigu haien gauza den, edo han gertatzen den eta hemen ez... Bilbon daude, nahiz eta Euskadi osorako edo gehiagorako egiten duten lan.

Brayan; Aimar Elosegiren kasua ezagutu zenuen. Aldatu dira gauzak azken hamarkadan?

B.A.: Aimarren kasua, liburuan ere aipatu nuen, iritsi zitzaidan oso kasualitatez. Horri buruz ez da ezer jakin herrian, baina nabaritu dut, nire kasuan behintzat, nire onarpena erraztu egin duela. Nire bidea erraztu egin du, asko. Diferentzia haundia dago. Ez dakit beragatik bakarrik izan den, transfeminismoak egin duen lana izan den, egungo errealitatea desberdina den... baina aldaketa pila bat nabaritzen da. Ni 18 urterekin konturatu nintzen, edo onartu nuen, eta etorri eta konturatu nintzen herrian onarpen haundia zegoela. Gero, Moioren berri jakin nuen, eta ikusi nuen lanketa haundia zegoela egina herrian. Beste herrietan ez dakit zein den errealitatea. Baina Hernaniko errealitatea oso desberdina dela iruditzen zait.

M.E.: Ni Iruñeako naiz. Nire kasuan, konturatu, edo konturatu baino gehiago onartu esango nuke, esatea hemen nago eta halakoa naiz, 17 urterekin egin nuen. Baina, berez, nik banekien lehenagotik. Lauzpabost urterekin hasi nintzen galdetzen zergatik nik ez neukan gauzatxo hori, nire anaiak bazuena. Eta horrelakoak. Gero, sartu nintzen, bete-betean, emakumearen kanon estereotipatuan, hor nire burua aurkitzen saiatzeko. Baina ez. Uste dut gauzak asko aldatu direla. Nik zortea izan nuen, nire lagunak hor egon baitziren momentu horretan. Baina bai sentitu nintzela bakarrik, ez nuelako ia inor ezagutzen transexuala zena, eta nahiko gogorra izan zen. Orain baditut lagunak ni baino gazteagoak, prozesuarekin hasi direnak, eta gauzak asko aldatu dira. Erraztasun gehiago dituzte, onarpen haundiagoa, eta erreferente gehiago. Hala ere, uste dut gauzak ez daudela berdin Hernanin edo Iruñean. Hemen, transfeminismoaren kontuarekin badirudi jendeak badakiela gehiago. Iruñean ez. Feminismoaren beste adar bat daukagu han, eta dezente jotzen da gizon transexualen aurka.

B.A.: Dena den, gu txikiak ginenean ez zen hainbeste kasu ezagutzen, eta Naizen elkartearekin ezagunagoa egiten ari da gaia, umeek askatasun haundiagoa daukate transexualitatea aldarrikatzeko eta transexual izateko. Aldaketa asko egin dira eta asko aurreratu da zentzu horretan. Baina, berriro diot; umeetan, nerabeetan bai, baina helduetan oraindik oso zaila dago. Erreferente pila bat falta dira helduen artean.