argia.eus
INPRIMATU
“Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”
  • Hogei eragile sozialek baina gehiagok eginiko deialdiak dozenaka pertsona bildu ditu ostegun ilunabarrean Donostian adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Lege horren bitartez, Hego Euskal Herrian 2020tik hona 30.000 zigor baina gehiago ezarri direla estimatu dute.

Iñaki Agirre @ikiagirre 2022ko abenduaren 16a
Argazkia: Iñaki Agirre.

Adierazpen askatasunaren aldeko aldarriak dozenaka pertsona bildu ditu ostegunean Donostian, Espainiako Gobernuak Mozal Lege gisa ezagutzen den Herritarren Segurtasunerako Legea erreformatzeko abiatu duen prozesuaren harira. Guztira 22 eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikoren artean eginiko deialdiari erantzunez, giza kate bat egin dute hiriko erdialdean, “eskubide sozialen aurkako tresna” gisa ikusten duten legearen erabateko indargabetzea eskatzeko: “Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”.

Hala, dei egin diete Madrilgo kongresuan errepresentazioa duten euskal indar politikoei, Mozal Legearen indargabetzea ez dakarren proposamen orori uko egin diezaioten, “baldin eta lege horren benetako eraldaketa ez badakar behintzat”. Espainian PSOEren eta Unidas Podemosen gobernua posible egin zuen gehiengo parlamentarioa gogora ekarriz, legearen indargabetzea bi alderdi horien programetan zegoela nabarmendu dute ere: “Orain arte ez digute kasurik egin, baina orain posible da”.

Alderdi Popularraren (PP) gobernuak 2015ean aurrera ateratako legeak zazpi urte eta erdi bete ditu indarrean, eta ordutik Hego Euskal Herrian izan duen eragina “izugarria” dela adierazi dute protestaren deitzaileek, denborak aurrera egin ahala joerak “asko okertu” direla azpimarratuz. Hain zuzen, 2020tik hona, Hego Euskal Herrian Mozal Legea baliatuz 30.000 espediente baino gehiago zabaldu direla estimatu dute, horietatik 10.000 inguru “eskubide sozial, sindikal eta politikoekin loturikoak” direlarik.

Haien ustetan, “urteotako datuek argi eta garbi erakutsi dute Mozal Legea eskubide sozial, zibil eta politikoei frenoa jartzeko nolako tresna errepresibo garrantzitsua eta indartsua den estatu espainolarentzat zein botere ekonomikoentzat”. Eta, zentzu horretan, “kolektiboen eta pertsonen protesta kritikoa suntsitzeko diseinatua” dagoela berretsi dute.

Jaurlaritza eta udala ere errudun

Mozal Legea Espainiako araua den arren, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak ere haren erabilera zuzena egiten dutela salatu dute protestan ari zirenek, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren bitartez legea mugimendu sozialen aurka baliatzen dutela leporatuz: “Dena bihurtu dute delitu: biltzea, manifestatzea, abestea, idaztea, hitz egitea, informatzea, protestatzea…”. Hori dela eta, giza katearen ibilbideari jarraituz, Donostiako udaletxea inguratu dute eta bere sarreran lau metroko isun erraldoi bat itsatsi dute eraikina zaintzen duten udaltzainen begiradapean.