argia.eus
INPRIMATU
“Ez dugu ejerzitorik behar, ez Jaizkibelen, ez munduan”
  • Asteazkenean aurkeztu dute Jaizkibelgo eremu militarraren kontrako martxa. Igandean egingo dute eta hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin.

Oarsoaldeko Hitza Urko Etxebeste 2021eko ekainaren 04a

Asteazkenean aurkeztu zuten, prentsa agerraldian, igandean (hilaren 6an) egingo den Jaizkibelerako martxa, mendian militarrik nahi ez dela adierazteko herri mobilizazioa. “Ez dugu ejerzitorik behar, ez Jaizkibelen, ez munduan”, esan zuten martxarekin bat egin duten kolektiboen izenean Lezoko Gurutze Santuaren plazan bildu zirenek. Martxa 10:00etan abiatuko da Lezoko plazatik, eta horrekin bat egiteko aukera dute autoz mendira joan nahi dutenek, 11:00etan, kantinan. Handik eremu militarrera joango dira, zuzenean aldarria egitera.

Seigarren martxa izango denean, ordea, gogoeta eremua zabaldu egin dute. Jaizkibelera doazen militarrak —praktikak eta entrenamenduak egiten dituzte bertan, armekin— Loiolako kuarteletik doaz gehienbat, eta beraz, hango kuartela (berria ere) arbuiatu egin dute deitzaileek. “Ejerzitoak mendiari ematen dion erabilera ez dator bat herritar ugarik gure aisiarako erabiltzen dugun mendi publikoaren kontserbazio planekin, zein Natura 2000 sarearen parte da bere fauna eta landareria bereziagatik”, adierazi dute deitzaileek.

Natura arrazoiez gain, militarrak mendian gehiago ager ez daitezen argudio sorta plazaratu zuten deitzaileek. Haien ustez, logika militarra gatazken sortzaile da, eta erabiltzen dituzten armak noizbait herritarren kontra erabil ditzakete. Gainera, militarismoak “munduko orden arrazista eta hierarkikoa” sustatzen du haien ustez, “noren bizitzak defendatu eta norenak ez erabakiz”. Armen kostu ekonomikoa ere kezkaz ikusten dute, “itzela da”, eta armen industriak giza eskubideak errespetatzen ez dituzten herrialdeei armak saltzen dizkiela salatu dute. Horrez gain, militarismoa genero eta ideia heterosexistetan oinarritua dagoela diote deitzaileek, “maskulinoa da eta fisikoki boteretsu eta erasokorra. Feminitatea menpeko bezala defendatzen du”. Azkenik, gatazkak konpontzeko bakea eta justizia bilatuko dituzten formulak erabili behar direla uste dute martxaren bultzatzaileek, “logika egiazki seguru eta iraunkorretan oinarrituz”.

Martxarekin hainbat eragilek bat egin dute. Honakoak dira: Lezoko Emakume Taldea, Etxetxo, Eguzki, Xoxolur Mendi Kluba, Gure Esku, Tiñelu Elkartea, EH Bildu, Sortu, Antimilitaristak EH, Txerrimuño, Piztu Lezo eta Orain Herria.