argia.eus
INPRIMATU
Pablo Casado Mexikoren konkistaz
“Ez dugu barkamenik eskatuko eta Elkanoren mundu bira ospatuko dugu”
  • Federico Jiménez Losantos kazetari espainiar ultraeskuindarrak esRadio katean duen saioan elkarrizketa egin dio PPko buruzagiari. Mexikoko konkistarengatik barkamena ez dutela eskatuko harro adierazi du eta Hernan Cortesen eta Juan Sebastian Elkanoren espedizioen V. mendeurrenak ospatuko dituztela gehitu du agintari popularrak.

Axier Lopez @axierL 2019ko martxoaren 28a

PP, Ciudadanos edota Vox bozkatzen duten herritarren artean dagoela esanez hasi du saioa Jimenez Losantosek. Casadok horri gehitu dio VOXi eskua luzatu diotela probintzia txikietan PPrekin estrategia bateratua adosteko. Horren ostean, heldu diote egunotako polemikari: Mexikoko presidenteak Espainiako Erregeari Mexikoko konkistan egindakoengatik barkamena eskatzeko idatzi izanak. Andre´s Manuel Lopez Obradorri "nazkagarria" deitu dio eta adierazi du: "Barkamenik ez dugu eskatuko, are gehiago, Hernan Cortes Mexikora heldu zeneko V. mendeurrena ospatuko dugu". Hernan Cortes konkistatzailea eta Mexikoko konkista bere egin ostean, ildo berean kokatu ditu Juan Sebastian Elkano eta mundu bira: "Pasa den astean Getarian izan nintzen Elkanoren mundu bira aldarrikatzen. Izan ere, orain Elkano bakarrik abertzaleek erreibindikatzen dute, Elcanori ‘k’ jarriz. Pedro Sanchez efemeride hau ez balego bezala jokatzen ari da”.

PPko agintariak aurreko egunetan aditzera eman duenez, V. mendeurrenekin konpromiso sendoa dute: "Atlantikoaren bestaldean Espainiak egindako rola ezinbestekoa izan zen, eta beste herri batzuk aurkitzen lagundu duten nazio handi guztien antzera; bost mende eta gero horrek harrotasunez bete behar gaitu”.