Larunbat arratsaldea Donostiako Easo plazan. Ehunka lagun bildu dira iragarritako abortuaren aurkako “prozesioari” aurre egiteko asmoz, deialdiaren atzean gordetzen direnen eta gordetzen denaren jakitun. Aspaldian ikusi gabeko aniztasuna nabari da bertaratutakoen artean: nerabe, gazte, heldu eta adineko, donostiarrak zein inguruetako herrietatik etorritakoak, bat eginik. Ordubeteren faltan, hasiak dira apainketa lanak, eta plaza eta inguruak pankartaz eta puxika eta kartulina morez bete dira.
Iritsi da ordua: “prozesioa” hastear da, eta Easo plazan bildutakoak Askabide klinikaren inguruetan batzen hasi dira. Irudiak gogora dakar orain 86 urte, 1936an, toki berean herritarrek altxatako barrikada. Oraingoan, ordea, herritarrez egina da harresia, eta ozen mintzo da: “Ez dira pasatuko”. Eta ez dira pasatu; abiatu ere ez dira egin.
Garai berriak dira, baina borroka zaharrak. Oraingoan herritarrena izan da garaipena –donostiarrena, gipuzkoarrena–, eta bereziki, mugimendu feministarena. Ospa dezagun, beraz, garaipena, eta senti gaitezen harro, baina ez gaitezen lasaikerian erori: gerra luzea da aurrean duguna, eta joan den larunbatekoa, bataila bat baino ez.
Izan ere, Enraizados elkarteak aspaldi eman zuen aditzera haien asmoa: hilabeteko lehen larunbatero manifestazioan ateratzea, “abortuak egiten dituzten kliniken aurrean errezatzea debekatzen duen araua erori arte”; alegia, 4/2022ko apirilaren 12ko legea “erori” arte. Haien azken helburua, beraz, emakumeon oinarrizko eskubideak babesten dituen legea, gure eskubideak askatasunez egikaritzea ahalbidetzen duena, indargabetzea. Eta, Madrilen behintzat, lasai asko dihardute horretan, inolako eragozpenik gabe; are gehiago, horren ordez, beren eskubideak aldarrikatzera bertaratutako ekintzaile feministak identifikatzen aritu ziren indar polizialak joan den larunbatean Dator klinikaren inguruetan; protestarien bizkartzain aritu ziren, abortuaren aurkako manifestariak babestuz. Antzeko irudi tamalgarria izan genuen Donostian ere apirilaren 2ko hartan, eta joan den larunbatean gauza bera gertatu ez bazen, herritarren erantzun irmoagatik izan zen, argi eta garbi.
Egoera honen aurrean, agerikoa da kezka: noiz arte jarraituko dute erakundeek horrelako ekimenak onartzen? Noiz arte, emakumeon oinarrizko eskubideak zapaltzen dituzten egitasmoak baimentzen? Noiz arte, emakumeon sexu- eta ugaltze-eskubideak urratzen dituzten protestak babesten? Eta gurera etorrita, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari: zein izango da zuen jarrera hemendik aurrera horrelako deialdien aurrean? Horrelakoetarako baimenak ematen jarraituko duzue, gero azken orduan bertan behera uzteko? Zergatik ez, orduan, hasiera-hasieratik debekatu? Herritarron esku uzten jarraituko duzue geure oinarrizko eskubideen defentsa, orain arte bezala? Noiz hasiko zarete neurri eraginkorrak hartzen horrelakoak gerta ez daitezen?
Aski da. Herritarrok ez genuke egunero kalera atera behar geure oinarrizko eskubideak borrokatzera; horixe da, hain zuzen ere, zuen lana. Ekar dezagun gogora, beste behin, 4/2022ko apirilaren 12ko legeak ezartzen duena: “Inork, haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatzeko helburuarekin, emakume bat jazartzen badu ekintza gogaikarri, iraingarri, larderiatsu edo hertsagarrien bidez eta emakumearen askatasuna kaltetu, hiru hilabete eta urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, edo hogeita hamaika eta laurogei egun bitarteko komunitatearen mesederako lanak”.
Indarrean dagoen legediak nahikoa berme izan behar luke ikuskizun zeken hauek gure kaleetatik behin betiko ateratzeko. Baina, gaur-gaurkoz, ez da horrela, eta herritarrok ez gaude lasai –agerian gelditu zen hori larunbatean Donostian–. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari: betearaz ezazue legea, beste hainbatetan hain modu eraginkorrean egin duzuen moduan, eta hartu benetako neurriak legez kanpoko ekimen hauek gure kaleetatik behin betiko ateratzeko: utzi horrelako egitasmoak baimentzeari, eta debeka itzazue erabat.
Eta herritarrei: jarrai dezagun erne, borrokarako prest, gure kaleetara itzul ez daitezen. Ez dira pasatu eta ez dira pasatuko, ez orain, ez gero.