Oihartzun gutxi izan duen arren, iaz New Yorketik heldu zaigun albiste bat ekarri nahi nizueke gaurkoan. Sims ginekologoaren estatua bat kendu dute Central Park-etik, aktibisten aldarrikapenari kasu eginez.
Sims doktorea ginekologia modernoaren sortzaile eta aita gisa ezagutzen da, besteak beste, 1855ean emakumeentzako lehenengo ospitalea sortu zuelako New Yorken, eta egun ginekologoek erabiltzen dituzten hainbat tresna eta metodoren sortzailea izan zelako.
Ginekologiaren aita honen lorpenak, ordea, emakume beltz esklabuekin egin zituen esperimentu kirurgikoen emaitza dira. Emakume hauen baimenik eta onespenik gabe, anestesiarik gabe. Eta ez da kasu bakarra.
Ginekologiaren historia, esklabu anonimo eta emakume pobreen gorputzen gainean idatzia izan da. Eta gainera, bibisekzioak egin dituzten sadiko bezala deitzera ausartzen ez garen, eta ginekologiaren heroiak diren gizon horien izenen aitortza daramagu gure gorputzetan, gure aluetan. Skenne, Fallopio, Bartolino.
“Ez da gure heroia” (#NotOurHero) diote New Yorketik, eta emakume aktibista hauen aldarrikapenak neure eginez, horrelako pertsonaiek espazio publikoan dituzten aitortza espazio guztiak kentzeko aldarrikapen feminista dakart gaurkoan. Ez dira gure heroiak. Ez dugu emakume pobreen gorputzen gainean biolentziaz idatzitako historiarik nahi. Gure gorputz eta aluetatik kanpo behar ditugu gizon horiek guztiak.
Baina are gehiago, geure hitzez eta esanahiz bete behar ditugu gorputzak. Uterodun gorputzen erreprodukzio organoari (eta bakarrik horri) “umetoki” deitzea ere bada biolentzia. Gorputz-esperientzia eta prozesuen autogestioa eta autonomia, hauek geure hitzetan izendatzea ere badelako. Geuretik gorpuztea, sentitzea eta esatea. Gizonik eta legerik gabe, zilegi diren izen propio horietatik, horientzat eta horietara izendatzea. Has gaitezen!
Albiste hau Klitto-k plazaratu du. CC-BY-SA lizentziari esker ekarri dugu gurera.