Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.
Gehituko pertsona trans, ez bitar eta intersexualen komisioko kideek hemezortzi pertsonari inkesta egin diete, eta ondorioztatu dute Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Genero Identitatearen Unitatearen arreta “txarra” eta tratamendua “bortitza” dela eta psikiatriatik pasatzera behartzen dituztela, besteak beste. Izei Etxeberriak, Gehituko pertsona trans, ez bitar eta intersexualen komisioko kideak ondorioen berri eman du.
Zergatik erabaki zenuten inkesta egitea?
Gure esperientzia pertsonalarengatik, Gehitura hurbiltzen den jendearengatik eta ikusi ditugun erregistroengatik antzeman dugu arazo asko daudela Osakidetzarekin eta bereziki unitatearekin. Guregana jotzen zuen jendearen ehuneko handi batek Osakidetzan bizitako tratu txarrak eta arreta txarra aipatzen zituen. Hori dela eta, urtebete baino gehiago generaman zerbait egin nahian, eta duela gutxi hau egitea okurritu zitzaigun.
Zer jakin nahi zenuten inkestaren bidez?
Lehenik pertsona horien identitatea galdetzen genuen; hau da, ea haien identitatea den pertsona trans bitarra, ez bitarra edo bestelako identitate bat. Garrantzitsua iruditzen zaigu, ikusi dugulako unitatean pertsona ez bitarren kontrako zapalkuntza eta diskriminazio handia dagoela. Sektore askotan pertsona ez bitarron existentzia ez da ongi ikusten eta ez gaituzte pertsona trans bezala ikusten. Galdetzen genuen ere zer-nolako arreta jaso zuten eta nola sentitzen ziren arretarekin, ea psikiatratik pasatu behar izan diren edo ez, eta beste gauza batzuk.
Salatu duzue psikiatriatik pasatzera behartzen zaituztetela. Zer suposatzen du horrek pertsona sexu-genero disidenteentzat?
Osasun departamentutik adierazi dute psikiatriatik pasatzea ez dela gure identitatea ziurtatzeko prozesu bat, baizik eta, edozein prozesu medikutan egiten den zerbait ziurtatzeko arreta ona ematen zaiola pazienteari. Dena den, psikiatrara joanez gero ikusten da galdetzen dituzten gauzak enfokatuta daudela ikustera ea beraien ikuspegi binario eta zis sexistan trans bezala sailkatzerik dagoen edo ez.
"Gure identitateak patologizatzen ari dira, egiaztatu nahi dutelako beraien estandarretan sartu zaitzaketela"
Nola egiten dute sailkatzeko?
Galdetzen dizute ea txikitan panpinekin, kotxeekin edo zerekin jolasten genuen; zein motatako barruko arropa erabiltzen duzun; heterosexualak garen ala ez eta abar. Gainera galdera horiek egiterakoan bisexualak, asexualak eta beste, hau da, heterosexualak ez diren edozein disidentzia afektibo sexualaren parte diren pertsonak ez dira serioski hartzen. Horrez gain, heterosexuala ez izatea trans ez izatea adierazi dezakeen markagailu gisa ikusten dute. Heterosexualak ez garela esan dugunoi trabak jarri dizkigute prozesuarekin aurrera jarraitzeko.
Identitatea patologizatzeko modu bat da?
Gure identitateak patologizatzen ari dira, egiaztatu nahi dutelako beraien estandarretan sartu zaitzaketela. Gainera, ez dute trans kontzeptua erabiltzen. Askotan transexual kontzeptua erabiltzen dute, gure identitateak patologizatzeko historikoki erabiltzen den etiketa bat. Hortaz aparte, psikiatra honek ez dituenez pertsona ez bitarrak kontenplatzen, gezurrak esan behar izaten ditugu.
Jarrera lodifoboak dituztela ere salatu duzue.
Hormonatzeko prozesuan hasteko garaian eta ebakuntzak egiteko endokrinoak beti zailtasunak jartzen dizkie bere estandar medikuen baitan lodiak irakurtzen dituen gorputzei. Gainera, galdetzen dugunean zergatik egiten duten, ez da osasun arazoak izan ditzakegulako, baizik eta, estetikarengatik. Arrazoitzen dute ez dituela horren emaitza onak ematen eta estetikoki ez dela berdin geratzen. Guk erabakiko dugu zer den estetikoki ongi ikusten dena gure gorputzetan.
"Psikiatra honek ez dituenez pertsona ez bitarrak kontenplatzen, gezurrak esan behar izaten ditugu"
Erabakitzeko autonomia kentzen dizuetela sentitzen duzue?
Noski. Prozesu guztian erreproduzitzen den zerbait da. Disidentziaren parte garen heinean, ez digute uzten gure gorputzen gainean erabakiak hartzen ez bagara beren estandarretan sartzen. Hau da, pertsona trans ez bitarra bazara, ez bazara heterosexuala, lodia bazara eta beste. Beti, edozein arazo fisiko daukagula, gure gorputzaren gain dugun autonomia kolokan jartzen dute, gorputz disidenteak garelako. Medikuak adibidez arazo fisiko bat dudan bakoitzean galdetzen dit ea loturarik duen hormonekin.
Aldarrikatu duzue osasun arloko pofesionalek formakuntza jaso beharko luketela.
Askotariko errealitateak daude eta beti daude gauza berriak ikasteko. Horregatik, esaten dugu formakuntza duten pertsonak behar direla, baina ez dakitenak ere formatu behar ditugula. Errealitate disidente desberdinak jasotzen dituzte eta alborapenak dituzte tratatzen dituztenekin; hala nola trans pertsonekin, pertsona migratuekin, pertsona arrazializatuekin eta pertsona lodiekin. Ez dira nahita egiten ditugun alborapenak, horregatik formakuntzak sesgoak gainditzen lagundu dezake. Feminismotik aspaldi dabiltza alborapen matxistak eta sexistak salatzen.