Esaten ziguten espainiarrak edo frantsesak ginela, esaten ziguten euskara ez zela izango inguruko erdaren maila bereko hizkuntza, esaten ziguten Gernika gorri-separatistek bonbardatu zutela, esaten ziguten AEBek garaitu zutela nazismoa, esaten ziguten kapitalismoa zela bide bakarra, esaten ziguten merkatu libreak ongizatea ekarriko zuela, esaten ziguten trantsizioak demokrazia zekarrela, esaten ziguten euskal kostaldeko zentral nuklearrak ezinbestekoak zirela, esaten ziguten askapen mugimenduak terroristak zirela, esaten ziguten Europar Batasunak soilik onurak zekartzala, esaten ziguten ez zegoela aldaketa klimatikorik, esaten ziguten poliziek ez zutela torturatzen… baina ez genien sinetsi.
Esaten digute Venezuela diktadura dela, esaten digute migratzaile eta errefuxiatuen eskubideak bermatzen dituztela, esaten digute erraustegiak ez-kutsatzaileak direla, esaten digute emakumeen eta gizonen artean berdintasuna dagoela, esaten digute legearen aurrean denok garela berdinak, esaten digute lan istripuak saihestezinak direla, esaten digute AHT beharrezkoa dela, esaten digute ez dela estatu terrorismorik egon, esaten digute hizkuntza eskubideak bermatzen dizkigutela… baina ez diegu sinesten.
Esan digute birus berria azken hamarkadetako bortitzena dela, esan digute pandemia bat dela, esan digute bide bakarra konfinatzea dela, esan digute militarrak gure kaleetan behar ditugula, esan digute umeak kutsatzaileenak direla, esan digute neurri guztiak irizpide zientifikoek gidatuta hartu dituztela, esan digute inoiz baino jende gehiago hiltzen ari dela… eta sinetsi egin diegu.
Beste arloetan ez badiegu sinetsi, zergatik sinesten diegu osasun arloan? Zergatik gailentzen da pentsamendu bakarra osasunaren arlo guztietan (botikak, txertoak, kimioterapia…)?
Esan digute Koronabirus deitu duten horrek mundu osoan 280.000 heriotza eragin dituela (maiatzaren 11ko datua). Ez digute esan egunero 8.500 ume hiltzen direla munduan desnutrizioaren ondorioz, urtero 6 milioi baino gehiago (Unicef, Osasunaren Mundu Erakundea, Banku Mundialaren datuak). Ez digute esan Siriako gerra deitu zuten horrek 500.000 hildako baino gehiago eragin dituela, hemengo armak tartean zeudela. Ez digute esan mota guztietako kutsadurak (elektromagnetikoak barne) milioika minbizi kasu eragiten dituela…
Espainiar estatuari dagokionez, heriotza orokorrei begira, esan digute 2020ko martxoan 48.806 hildako egon direla (pandemia), baina 2017ko urtarrilean 49.370 hildako egon ziren (pandemiarik ez). Heriotzaren hazkundeari dagokionean, esan digute 2020ko martxoan 2018ko martxoan baino %23 hildako gehiago egon direla (pandemia); baina 2012ko otsailean 43.740 hildako egon ziren, 2011ko otsailean baino %28 gehiago (pandemiarik ez). Bestalde, asteotan ez dute esaten 50.000 lagun baino gehiago hiltzen direla urtero tabakoaren ondorioz (arnas-aparatuari eragiten dion birus baten ondoriozko konfinamenduan estankoak zabalik!?).
Datu piloa esan dizkigute. Datuak gora, datuak behera, herritar xume gisa ez dakit birusa saguzaharrengandik datorrenetz. Ez dakit birusa laborategi batean sortua denetz. Ez dakit 5Gk eragindako sintomak direnetz, ezta 5Gk birusa hedatzen laguntzen duenetz. Ez dakit gripe latz baten antzekoa denetz. Ez naiz osasunean edo biologian aditua, ezta zientzialaria ere. Barkatu nire atrebentzia.
Baina bagenekien krisi ekonomiko berri bat zetorrela. Bagenekien kontrolatu nahi gintuztela. Bagenekien zaharren egoitzen eredua eta egoera jasanezina zirela. Bagenekien murrizketek osasun ondorioak izango zituztela (2007tik %10 murriztu dira ospiletako oheak Hego Euskal Herrian). Bagenekien larrialdi klimatikoa gero eta fenomeno bortitzagoak ekartzen ari zela. Askoz ere gatibuago gauzkate eta sinetsi egin diegu. Ez diegu inoiz sinetsi, baina sinetsi egin diegu. Kritiko zorrotzak kamuts, desobedienteak otzan. Zergatik?