Abenduaren 3an alderdi eta eragile politikoek euskararen inguruko beren irakurketa politikoak argitaratzen dituzte. EAJk ere egin du berea Euskara, Euskal Herriaren izana izenburupean. Urte askoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza politiken ardura izan duen, eta egun ere baduen, alderdiak euskararen egoera "larria" dela onartzeaz gain, hizkuntzaren egoeraren ardura, batez ere, hiztunen bizkar jartzeko baliatu du eguna. Familietan eta lagunarteetan euskaraz hitz egitearen garrantzia azpimarratu dute, eta hitzez hitz esan, eremu horietan ez dagoela Espainiaren eta Frantziaren botereen eraginik.
"Entzun, euskaldunok! Onartu dezagun geure erantzukizuna: ez dezagun egotzi erantzukizuna besteen lepora. Ez dezagun itaundu ea zer egingo duten instituzioek euskararen alde. Egin dezagun euskaraz. Ez diezaiogun inori konturik eskatu. Egin dezagun euskaraz. Geure herriko udaletxean euskaraz egin ahal izatea beharrezkoa da; are garrantzitsuagoa da, kanpora irtenda, lagun euskaldunon artean euskaraz egitea". Horrela dio Euskararen Egunaren harira EAJko Euzkadi Buru Batzarrak eginiko irakurketak.
Azpimarratu dute Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatzen dela Xabierko San Frantzisko egun horretan hil zelako eta bere amarekin harremana euskaraz izan zuela oroitarazi dute. "San Frantzisko Xabierkoaren eta haren amaren arteko hizkuntza-harremanek bideratu behar gaituzte gaur egun ere. Haiek ezin hobeto frogatu zuten, mugak muga, arazoak arazo eta oztopoak oztopo, euskaldun iraun zutela haiek euskaraz jarduten zutelako ohiko eta berezko hizkuntza gisa. Orduan familia zen sua, sutondoa eta hauspoa, euskaldunon sua, sutondoa eta hauspoa. Nork bere sua behar du bere burua ondoen eta osasuntsuen berotzeko", diote.
Espainiako eta Frantziako estatuek euskaldunen aurka eginiko jazarpena honela deskribatzen du Andoni Ortuzar buru duen alderdiak: "Pirinioen alde bietako erdaretan diharduten botere politikoek eta judizialek sekula ez diote erraztasunik eman euskaraz patxadaz egiteari". Hala ere, euskarak biziraun badu, jendeak euskaraz hitz egiten jarraitu duelako dela diote. "Gure artean euskaraz jardun dugu, bai familian, bai lagunartean. Eremu horietan ez dago atzerri-herrietako botereen eraginik. Euskaldunok euskaraz badihardugu geure artean, guri bost bestek zer dioen". EAJk dio "azkenengo gizaldietan euskaldunek ez dutela ofizialtasunik, ez lege-eremuen erraztasunik, ez epaileen laguntasunik izan euskaraz jarduteko", baina eutsi egin diotela euskarari. Zelan? "Euskaraz hitz eginez euskaldunok euskaldunokin".
Aitortu dute euskararen egoera ez dela ona. "Badioskute euskara larri dagoela. Egia da. Larri dago. Badioskute ofizialtasuna eta lege-eremua direla arazorik latzenak euskarak bizirik iraun dezan. Egia da: ofizialtasuna eta lege-eremua bidelagun onak dira, baina ez dira nahikoak, euskarak betiren beti iraun dezan. Euskaldunon hauspoa ezinbestekoa da".
Behin baino gehiagotan azpimarratu dute hizkuntzaren hautuan norbanakoak duen ardura. Ondorengo paragrafoan, adibidez: "Entzun, euskaldunok! Euskaldunak gara euskaraz dihardugulako. Euskaraz jardun beharrean, euskaraz jakin arren, erdaraz badihardugu, euskara ezkutatu, ostendu, lekutu, desagertu egiten dugu, kanpoko inoren eragin barik. Guk geuk bakarrik baztertzen dugu euskara, erdaraz dihardugun bakoitzean (...) Euskarak egiten gaitu euskaldun, eta, euskaldun iraun nahi izanez gero, euskaraz jardun beharko dugu, inori konturik eskatu barik, geure buruari erantzukizuna ezarriz, ez beste inori leporatuz".
Joxan Artzeren poema ezagunarekin amaitu dute Euskararen Egunerako irakurketa, ildo berean: "Entzun, euskaldunok! Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Inork egin dezakeenaren ardurarik hartu beharrean, egin dezagun geure artean euskaraz; hori bai, hori gure esku dago".