argia.eus
INPRIMATU
Ez daukaguna ere kentzen digute
  • Koronabirusa dela bide, aurten, Bartzelonan urtero legez egiten den Moblie World Congress-a, bertan behera utziko dute, izugarrizko galerak utziz. Hori da albiste orotan erakusten dena: 500 milioiko galerarik izango dutela hirian.

Aritz Díez 2020ko otsailaren 17a

Nola izan daiteke ingresatu ez den zerbait galeratzat edukitzea? Teleberri guztiek iragartzen ari dira bertan behera uzte horrek, apokalipsi antzeko bat ekarriko diola Bartzelonari, eta tratamendu bera ematen diote aurreko hilean Ebroko Deltan gertatutakoarekin, adibidez.

“Galdu” hitza oso inportantea da nire ustez. Erabiltzen da, hasiera batean, orain edukitzen ez den zerbait edukitzen denean. Baina galera guztiak ez dira berdinak. Ez da gauza bera egunero lanera joateko erabiltzen duzun Ibiza galtzea uholde batean, edo gama goreneko hiru auto badituzu, eta bera gertatzea batekin. Jar gaitezen Delta ureztatu zenean, dena galdu zuen nekazari baten azalean une batez.

Lexikoa oso garrantzitsua da. Gauza bat edo beste bat pentsatzera eramaten gaituelako. Kongresua egiten ez bada, galerak gureak izango direla pentsatzera eramaten gaituzte, horrela, haien azpijoko guztiak guk onartzea lortzen dute

Kongresuagatik hainbeste euro milioi irabaziko zuten hotelek, luxuzko jatetxeek, eta multinazionalek, oraindik ez dute ezer irabazi. Aurten, gertaera honekin, ez dute ezta euro bat sartu oraindik, baina estimazio batzuk egin dituzte, eta estimazio horien arabera, diru mordoa bilduko zuten.

Horrela badabil kapitalismo berri hau, eta hala sumatzen dugu bankuen, burtsen eta estatuen joeran. Gehienok, zerbait galtzeko, lehenago irabazi behar izan dugu, baina gure gainetik daudenek,  mundu bat eratu dute non ezer eduki barik, galdu, irabazi edo sortu dezaketen mozkinik. Gehienok izaten ez dugun botere bat sortu dute, eta aldi berean, haien aurreiritziak betetzen ez diren heinean, konparatzen eta maila berean jartzen gaituzte. Eta horrekin jokatzen dute. 

Lexikoa oso garrantzitsua da. Gauza bat edo beste bat pentsatzera eramaten gaituelako. Eta kasu honetan, Kongresua egiten ez bada, galerak gureak izango direla pentsatzera eramaten gaituzte, horrela, haien azpijoko guztiak guk onartzea lortzen dute. Guk, zerbitzariok, kale garbitzaileok, dendari, erizain edo lantegiko langileok, han irabaziko ziren milioi askoko negozio guzti horietatik, ez genukeen ezta euro bat jasoko, eta hortaz, ez dugu ezta euro bat galduko. Guk, seguru ezetz!