argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Emakumeen Triatloian kaleratutako kirolaria
“Euskaraz egitea errespetu faltatzat du epaileak, baina berak tratatu ninduen begirunerik gabe”
  • Larunbatean Donostiako Emakumeen Triatloian euskaraz egiteagatik deskalifikatu zutela salatu zuen kirolariarekin hitz egin du ARGIAk. Berak eta bere ahizpak publiko egin zuten kexa-idatzia goitik behera berretsi du. Gipuzkoako Triatloi Federazioak gertakizunaren bestelako bertsioa eman du eta kirolariak adierazi du bertsio horretan gezurrak esan dituztela. Helburu garbi bat dute bi ahizpek: horrelakorik ezin dela gertatu garbi geratzea.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2018ko ekainaren 26a
Donostiako Emakumeen Triatloian hartu zuen parte euskaraz egiteagatik deskalifikatu zuten kirolariak. Argazkia: Triatloi.org

“Erdaldun batzuk ez daude ohituta euskaldunek aurre egiten. Guk epaileei aurre egin genien eta errespetu faltatzat hartu zuten. Nik Marta Berasategiri esaldi batzuk euskaraz esan nizkion eta beste batzuk gaztelaniaz. Euskaraz egiten nion konturatzen nintzelako ulertzen zidala, erantzun egiten zidan".

Hizkuntza ohiturak aldatzeko hainbat herritan egin diren saioetan asmatutako ahobizi (ahal duen egoera guztietan euskaraz egiten du) eta belarriprest (euskaraz ulertzen duela adierazten du eta berari mesedez euskaraz egiteko, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun) rolak ezagutzen ditu, eta praktikatu du. "Badakit belarriprest-ekin nola jokatu. Euskaraz saiatu eta ulertzen ez didala konturatuz gero badakit gaztelaniara aldatzen, ohituta nago. Ez nintzen nire onetik atera, hasierako tonu berean aritu nintzen hitz egiten. Horregatik diot, ez daude ohituta jendeak aurre egiten eta errespetu falta dela uste dute. Nik hari errespetua galdu ala alderantziz?", galdetu du izen-abizenak eman nahi ez dituen kirolari donostiarrak.

Proba bukatu eta hainbat ordura konturatu ziren gertatu zitzaiena larria zela eta orduan kexa jartzea erabaki zuten. Behatokian, Elebiden, Donostiako Udalean, Atletico San Sebastian-en eta Gipuzkoako Triatloi Federazioan kexa aurkeztu zuten. Larunbateko probaren bi antolatzaileen erantzun ofizialik ez dute jaso asteartera arte. Astearte goizean, Atletico San Sebastian taldeari bilera eskatu eta baiezkoa jaso dute. 

"Larunbat arratsalde hartan, hura gertatu eta ordu batzuetara, futboleko gertaera hartaz gogoratu ginen eta kexa publiko egitea erabaki genuen, jakinda saltsa sortuko zela eta horri guztiari erantzun beharko geniola”, esan dio ARGIAri kirolariak.

Bi kirolariek egin duten kexa-idatzian diote halako esaldiak entzun zituztela larunbat arratsaldean: "Yo soy la directora de carrera y a mí me vais a hablar en castellano", "Pues que se vayan a Cataluña y hablen en euskaera a ver qué les dicen", "si eso, empiezo a hablar en inglés, que también sé".

Gipuzkoako Triatloi Federazioak epailea mehatxatu izana egotzi diola adierazi diogu kirolariari. Kirolariak dio berak ez zuela epailea mehatxatu, litekeena dela "Marta Berasategi, proba bukatzen denean, gai honetaz hitz egingo dugu" esan izanari mehatxua deitzea, hori esan ondoren kartulina gorria atera eta deskalifikatu egin baitzuen Berasategik.

Jarraian emakume honek Hizkuntz Eskubideen Behatokian jarritako salaketa.