Nafarroako Gobernuko Kultura, Partehartzea, Kirol eta Gazteria sailburu Ana Herrerak jakinarazi duenez, laster batean jarriko da abian Reyno de Navarra Arena pabilioia zertan erabili aztertuko duen lan batzordea.
Reyno de Navarra Arena eraikinari buruzko hainbat datu eman ditu Herrerak asteartean Nafarroako Legebiltzarrean agintaldiari begira bere sailak dituen asmoak azaltzean. Navarra Arena eraikuntzan ia 59 milioi euro erabili dira dagoeneko eta oraindik beste 4,3 milioi euro beharko dira publikoari ateak irekitzeko.
Mantenu gastuak ere ez dira txantxetakoak: 2013 eta 2014an 400.099 euro gastatu ziren, 2015erako 450.000 euroko gastuak aurreikusten dira eta 2016rako 450.000 euro.
Uxue Barkosen gobernuari gizartean eztabaida handia izan duten hainbat proiektu pozoitsu erori zaizkio UPNren gobernutik, hala nola Arena pabiloia, Sendaviva parkea, Nafarroako Ubidea edota Los Arcoseko zirkuitua. Gobernua sostengatzen duten lau indarrek gobernu akordioan adostu dutenez, jadanik eginda dauden azpiegitura edo proiektuak abian jarriko dituzte, baldin eta berauek itxita mantentzea irekita izatea baino garestiagoa bada.