argia.eus
INPRIMATU
“Ez dakit ariketa fisikoa egiten dugun zaintzeko edo espektatiba sozialak betetzeko”
  • Zahartzaroa eta osasunari lotutako jardunaldiak antolatu ditu Gareseko osasun etxeak; bertan izan da Mertxe.

Olaia L. Garaialde 2023ko urriaren 13a

“Menpekotasun egoerak eta bizi kalitatearen galera ekidin nahi ditugu”, esan du Berta Muruzabalek, Gareseko osasun etxeko medikuak eta zuzendariak (Nafarroa). Zaurgarritasun egoerak eta zahartzaro “osasuntsuagoa” izateko jarraibideak emateko jardunaldi batzuk antolatu ditu Gareseko osasun etxeak . Urriaren 10ean, ehun pertsona baino gehiago elkartu ziren Osasuntsu zahartzen jardunaldietan.

Muruzabalek esan du xedea betetzeko pertsonen beharretara egokitzen den ariketa fisikoa sustatu behar dela, eta ariketa fisikoa egitean indarra, erresistentzia eta oreka landu behar direla. Horrez gain, elikadura zaindu eta botikak “egoki” hartu behar direla gogorazi du.

Ariketa fisikoa egiteaz gain, Ana Bueno eta Maia Saldia Izarbeibarreko gizarte langileek gomendatu dute bizitza sozial aktiboa izatea: “Harreman sozialak mantentzeak eta komunitatearen parte sentitzeak bizi kalitatea hobetzen dute”.

Jardunaldietan ez dira soilik informazioa ematera mugatu; Navarrabiomed ikerketa taldeko kideek ariketa fisiko egokitua egiteko ikastaro bat eskaini dute. Horretarako, oinarri hartu dute Vivifrail programa: “Proiektu honen arabera adineko pertsonen osasuna ez da gaixotasun bat bezala landu behar, baizik eta funtzionalitatearen arabera. Xedea da ahalik eta autonomoen izatea”. Ikasitakoa etxean praktikan jarri ahal izateko bakoitzaren beharretara egokitutako gida bat jaso dute parte hartzaileek.

Beti mugimenduan

Herri txiki batekoa da Mertxe, hirurogeita hamabost urte ditu eta jardunaldietan parte hartu du. Ez du abizenik eman nahi: "Biziki interesgarriak izan dira eta asko ikasi dut. Hala ere, batzuetan sentitzen dut gimnasioan gaudela". Txikitatik “oso bizitza aktiboa” izan duela dio: “Beti ibili naiz gauza bat edo beste egiten: etxea garbitzen, kozinatzen, baratzean landatzen eta ahal nuenean paseatzen. Uste dut beti aktibo mantendu izanak osasuntsuago egoten lagundu didala”.

Gaur egun “indargabetuta” sentitzen den arren, ahal duelarik mugitzen saiatzen da: “Orain ardura gutxiago ditudanez egunero ateratzen naiz paseatzera eta esfortzu gutxiko gauzak egiten ditut baratzean”. Hala ere, egunak “pisu” egiten zaizkio geroz eta nekatuago dagoelako: “Badakit ona dela mugitzea, baina uste dut ere geure buruari permititu behar diogula lasai egoten eta bizitza sedentarioago izaten”.

Gaineratu du presio estetiko “handia” pairatzen duela “itxura perfektu” bat izateko: “Ez dakit ariketa fisikoa egiten dugun zaintzeko edo espektatiba sozialak betetzeko”. Mertxek nabarmendu du emakumeenganako epaia bizitza osoan presente dagoela: “Txikitatik esan digute zer egin behar dugun, nola jantzi behar garen, zer den emakume ona izatea eta zein gorputz izan behar dugun”.

Ariketa fisikoa egiteaz gain, astero hitzordu finko bat dauka lagunekin. Gehienetan kartetan edo solasean aritzen dira, eta askotan presio sozialaz mintzatzen dira: “Asteko momenturik onena izaten da ulertua sentitzen naizelako eta elkar laguntzeko espazio bat delako”.