Zinemaldiak pasa bezainbeste falta dituen egun kopurura iristean, badago atzera zein aurrera begiratzerik. Esan daiteke jada "hori da gehien gustatu zaidana" edo "beste hura ikusteko gogoz nago". Areto bakoitzak zenbakitze sistema ezberdina izanik arrunta da eserlekuz nahastea; horrela gertatzen dira "uste dut hor ni naizela" eta "ez, ez, nik 17.a daukat" bezalakoak. Staff kamisetadunek hartzen dute erabakia horrelakoetan. Halere, gaitzerdi; aretoak ahal bezain beteta daudenaren seinale.
Nazioarteko ikasleentzako kategoria den Nest sailean lehiatu dira Los niños lobo eta Perfect as cats filmak. Lehenengoa Kuban errodatua da, eta Otávio Almeida du zuzendari; bigarrena estatubatuarra da eta Kevin Vuk zuzendu du. Biek dituzte protagonista bikoitzak eta ikusten dena gainditzen duen iruditeria.
Los niños lobo filmak bi anaien arteko jolasa irudikatzen du, zeintzuk Angolako gerrako pasarteak antzezten dituzten elkarrekin borrokan. Hitzik egiten ez duen aitaren bidez ezagututako oroitzapenak dira, eta haurren ekintzetan gorpuztuz esanahi zabalagoak hartzen dituzte. Gustu handiz eginiko lana da, Kubako San Antonio de los Baños eskolan gauzatutakoa.
Vu zuzendariaren filmak barnetegian bizi diren bi ahizpa ditu protagonista. Hauek banaezinak dira, lo ere elkarrekin egitera ohituak, eta besteekiko distantzia atxikitzen dutenak. Bietako batek barnetegiko neska batekin intimitatea partekatzen hastean gauza bereziak hasiko dira gertatzen, adibidez katu batek leihotik salto egitea edo ahizpa lurretik arrastaka ibiltzea. Senideen arteko harremanaren inguruko gogoetak irudi surrealistaz irudikatzen du emozioetan gertatzen dena, dibertigarria izatera iristen den laburrean.
Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke
Batez ere bertakoek espero genuen filma ikusi ahal izan dugu azkenean. Jo ta ke Aitziber Olaskoagaren filma da, Ikusmira Berriak programan garatu dena iazko urtean zehar. Metraje erdiko filmak euskal gatazkaren iraganari orainetik begiratzeko proposamena egiten du eta irudikatzeko oztopoz beterik dago.
Herrera de la Manchan Negu Gorriak taldeak eskainitako kontzertuaren VHS ezinezko batek abiatzen du filma. Muguruzak hura erabiltzeko ezezkoa ematen dionean, ezinezkotasun horren atzetik joango da Olaskoaga, espetxea dagoen tokira mugituz udako egun batean. Bertan lekukoek filmean ateratzeari uko egingo diote, eta kartzela filmatzeko baimena lortuko du, baldin eta inguruetan mantentzen badira, eta eraikina ez bada agertzen. Kontran jartzen zaizkion guztiak alde erabili nahian, egun oraindik tabuak diren gaien paralelismoa sortuko du. Iraganak oraindik duen pisuak gertatutakoa aurrez aurre begiratzea zailtzen du, eta hala osatuko du zuzendariak lan hau, ertzen bitartez iruditeriak sortzen. Gaindosi emozionalekoak diren lanek ez bezala, Olaskoagak norberaren memoriaren barne bidaia proposatzen du, erantzunak baino, galdera gehiago zabaldu nahi dituena. Lan txukuna, eta gure iruditerien alde beharrezkoa, hain gertu daukagunaren errepresentazioa nola egin daitekeen galderari ekarpena egiten diona.
Carla Simón eta Dominga Sotomayorren gutun-trukea
Carla Simón katalanaren eta Dominga Sotomayor txiletarraren arteko gutun-trukatze bisuala proposatzen du Correspondencia film laburrak. Enkarguzko lana da, zeina sei emakumezko zinegileri proposatu zitzaion halako "egoera antzekoan egon daitezkeenen arteko" elkarrizketa sortzeko. Simónek eta Sotomayorrek norberaren familiako emakumeez kontatzen diote elkarri, horrek eskatzen dien forma bilatuz.
Irudi eder eta intimoak lortzen dituzten arren, gai horretan bada zerbait errepikakorra egiten dena. "Zer da emakume zinegile izatea?" galderari ez erantzutea erabaki du emakume zinegile askok, eta ez erantzuna garrantzitsua ez delako, baizik eta galdera zentral eta bakarra izaten delako askotan hori, karrera osoan zehar. Horretaz gain, amatasunaren gaia (nola ez) atera behar eta zinegile eta ama izatera pasatzen da labur honetan galdera, batzuentzako elkar ezinezko munduak baitira, eta besteentzako eskubide bat. Gustura ikusiko nuke gizon zinegileen arteko horrelako solasaldia, eta baten batek ideia hartu eta gauzatzen badu mahainguru hori, ongietorria; debatea asko aberastuko da agortzera bidean dagoen begizta honetatik gaindi. Eskutitz zinematografiko hauen erdian piztu zen sua iazko Txileko erreboltetan, eta astindu bortitz batek bezala jotzen du ikuslea filmak hori erretratatzean. Barrura begirakoak ekintzara behartzen ditu horrek bat-batean, eta norberaren bizitzaren eta kolektiboaren arteko loturak tinkatu. Gai pertsonalak alde batera utzi eta ekintzarako deia da.
Medellin Donostian
Zabaltegi-Tabakalera saileko Los conductos filmak itxi du eguna. Camilo Restrepo kolonbiarraren lana Medellin hiriko inguruetan oinarritzen da, eta ihesaldi bat du abiapuntu. Protagonista sekta erlijioso batetik askatu berri da, eta nola edo hala lo-leku eta lan egiteko tokien bila hasiko da, pauso guztiak babestuz badaezpada ere. Egilearen lehen lan luzea da, eta Berlinen saritu zuten azken zine jaialdian.
Lana 16mm-tan errodatua izan da, maisuki landuz plano bakoitzean agertzen dena: iraupena, ekintza, kolorea eta enkoadraketa. Irudi finkoak dira, eta haien arteko lotura ikuslearen asoziazioz egin beharra dago; konpromisoa eskatzen du. Hitz gutxirekin kontatzen den istorioa da, narratiba bisuala izanik elementurik garrantzitsuena filmean: gauzak esan gabe eraikitzen dira. Izenburuak sekta batean egon daitezkeen sinesmenekin jokatzen du, hiriko kale nagusiak ez diren ezkutuko kanalei erreferentzia eginez. Badaude ezagutzen ez diren baina zirrikituetan dauden bideak. Filmak giza jokabideen inguruan galdetzen du, moralaz, itxurakeriaz eta bizitzeko modu ezberdinez. Restreporen obra zainduak leku oso ezberdinetara garamatza, eta norberak izan ditzakeen zalantza existentzialak gorpuzten asmatzen du, ikus ezin daitekeena ikusteko modu bat proposatuz. Oraindik garaiz omen gaude pareten artean dauden conductoak hartzeko...