argia.eus
INPRIMATU
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko
George Beebe 2024ko irailaren 20a

Errusia eta Mendebaldea azkar ari dira geratzen maniobra-tarterik gabe, aurrez aurreko talka militarra saihesteko.

Errusiari bere lurraldean eraso egiteko Mendebaldeko misilak erabiltzea onartzear daude AEBak eta Erresuma Batua, zenbait txostenen arabera eta horren harira Vladimir Putinek orain arteko bere adierazpen zorrotzenak egin ditu. Neurri horrek “gatazkaren izaera bera aldatuko duela” eta NATO eta Errusia “gerran” daudela esan nahiko duela adierazi du. Errusiak “erabaki egokiak” hartuko dituela ohartarazi du.

Horri erantzuteko, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek ondokoa adierazi du: “Gatazka Errusiak hasi zuen. Errusiak legez kanpo inbaditu zuen Ukraina. Errusiak berehala amai dezake gatazka hau. Ukrainak autodefentsarako eskubidea du”.

Auzi honetan Errusiaren determinazioa frogatzeko logika militarra ez dago argi. Arrazoi gutxi dago uste izateko airetik jaurtitako gurutzaldi-misilen erabilerak nabarmen handituko dituela Ukrainaren aukerak higadura-gerra bihurtu dena irabazteko, zeinean errusiarrek Ukrainarekiko abantaila handiak dituzten populazio eta fabrikazio militarraren aldetik. Ondo trebatutako eta hornitutako indarrak borrokara eramateko ukrainarren gaitasuna higatzen ari dira errusiarrak, eta airetik jaurtitako gurutzaldi-misilek ez dute hori aldatuko.

Bigarrenik, irismen handiagoko ukrainarren eraso-gaitasunetara egokitzeko gai dira errusiarrak, hala egin dute jada HIMARS artilleriara eta ATACMS lurretik jaurtitako misiletara. Hornidura-biltegiak lekualdatu dituzte, adibidez, eta eraginkorragoak bihurtu dira, Mendebaldeko armamentu aurreratua neutralizatzeko, gerra elektronikoko kontraneurriak erabiltzen.

Hirugarrenik, Errusiako lurraldea kaltetzeko Ukrainak duen gaitasunean benetako eragina izateko, Mendebaldeak oso irismen luzeko misil kopuru handiak eman beharko lizkioke. Alegia, orain, antza denez, proposatzen ari diren oinarrizko irismena duten modelo kopuru txikiak baino askoz gehiago beharko lukete. Baina Mendebaldeak ahalmen mugatua du kopuru horiek hornitzeko, eta horiek emateak Errusiaren zuzeneko errepresaliak eragingo lituzke ia ezinbestean.

Errusiaren aurkako eraso sakonak baimentzearen azpian dagoen logika politikoa ere ez dago argi. Arrazoi gutxi dago ondorioztatzeko eraso horiek Putini gerra amaitzeko edo negoziazio mahaira eramateko nahikoa presioa izango diren, baina arrazoi onak daude Errusia NATOren aurka borrokatzen ari dela eta ez ukrainar herriaren aurka dioten baieztapenak zabalduko dituztela pentsatzeko. Eskala handiko bonbardaketa kanpainen historian adibide asko dago zeinetan erresistentzia publikoa sustatu duten. Orain arte horrela izan da, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoen ondorioz, Ukrainako abertzaletasuna eta errusiarren bazterketaren aldeko jarrerak piztu baitituzte.

Ustekabeko beste balizko ondorio bat da Mendebaldeko laguntza militarraren hilkortasun gero eta handiagoak Errusiaren eskakizunak gogortuko dituela etorkizuneko negoziazio mahaietan. Errusia kolpatzeko, Mendebaldeak zenbat eta gehiago frogatu Ukraina erabiltzeko prest dagoela, orduan eta gehiago tematuko dira errusiarrak Ukrainako desmilitarizazio zabalean, akordio batera iristeko baldintza gisa.

Bestalde, arriskuak aski esanguratsuak dira, sari urriekin alderatuta. Arrisku handiena da Errusia behartuta sentitzea “disuasioa berrezartzera”, Mendebaldeari erakustera ezin dituela etengabe handitu Ukrainari ematen dizkion armen hilgarritasuna eta irismena, Errusiaren erantzun zuzenik gabe. Putinek bere herrialdean bertan presioa jasango du jarrera gogorra ezarri eta Mendebaldeko lekuren batean kolpe argiren bat emateko, eta hala, Mendebaldeak bere inplikazioa handitzen jarrai ez dezan. Bestela, bide horretan sakonduz gero uneren batean Errusiari aukera gutxi geratuko zaio NATOrekin eskala handiko gerra bati uko egiteko, eta Putinek hori saihestu nahi du, argi eta garbi.

Zer “neurri egoki” har ditzake Putinek? Ez da oso probablea Errusiak berehala erreakzionatu eta eskalada nuklear bati ekitea. Horren ordez, gaur egun Europan egiten dituen sabotajeak izugarri areagotu ditzake (orain arte eraso handiak baino gehiago, ohartarazpen-tiroak izan dira); Hezbollahri edo Huthiei misilak eta satelite bidezko inteligentzia eman ahal dizkie; edo, urrunago joateko beharra sentitzen badu, Mendebaldeko sateliteei eraso egin ahal izango die, horiek funtsezkoak baitira ukrainarren erasoak zuzentzeko.

Ekintza horietako edozeinek kalte larriak eragin liezazkioke Mendebaldeari, eta haren erantzuna eragin. Erantzunak are gehiago bultzatuko luke elkarrekiko eskaladaren ziklo izugarri arriskutsua, zeinaren amaiera ezin baita aurreikusi.

Putinek baino ez daki non ezar dezakeen marra gogorra. Baina munduko potentzia nuklear handienen arteko zuzeneko gerra baten arriskuak ikusita, lanjeros xamarra da lerro hori non egon daitekeen jakiteko presioa egiten jarraitzea.

Errusiak ezin du gerra hau baldintzarik gabe irabazi. Ezin du ukrainar lurralde zabal osoa konkistatu, okupatu eta gobernatu. Horrek beharko luke egungo errusiar armadaren tamaina baino hainbat aldiz handiagoa litzatekeen indar inbaditzaile eta okupatzailea osatzea. Baina Errusiak Ukraina suntsi dezake, inorekin aliatu eta berreraiki ezin den disfuntzio-egoera batean utzita.

Ez da Mendebaldearen eta Ukrainaren interesekoa Ukrainaren independentzia bermatu eta etorkizun oparorako aukerak eskainiko dituen akordio bat oztopatzea.

Ukrainak une honetan etsi-etsian behar duena ez dira irismen luzeko armak. Behar duena da plan bideragarri bat, gerra honen amaiera negoziatua lortzeko, Ukrainari bere burua berreraikitzeko eta aurrera egiteko aukera errealista emango diona.

(*) George Beebek bi hamarkada baino gehiago eman zituen AEBetako Gobernuan inteligentzia-analista, diplomatiko eta aholkulari politiko gisa, baita CIAren Errusiako analisiaren zuzendari eta Cheney presidenteordearentzat Errusiako gaietako langileen aholkulari gisa ere.