argia.eus
INPRIMATU
“Ez dago inolako konpromisorik osasun arreta hobetzeko”
  • Nafarroako Osasun plataformak salatu du Osasun aurrekontuetan gabeziak daudela, eta pribatizatzeko joera daukala Nafarroako Gobernuak.

Olaia L. Garaialde 2022ko azaroaren 04a
Nafarroako Osasun Plataformak egindako elkarretaratzeetako bat.

Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendari nagusiarekin bildu dira Nafarroako Osasun plataformako kideak, osasun publikoaren aurrekontuez hitz egiteko, eta osasun sisteman “betikotzen” ari diren zenbait gabezia salatu dituzte Jose Donlo Becerrilek, Mari Sol Saiz Ajak eta Félix Zabalza Irigoyenek, Nafarroako Osasun plataformako kideek. “Zalantzan jartzeko modukoa da Nafarroako Gobernuak osasun-sistema publikoarekin duen konpromisoa”.

Plataformaren hitzetan, Oinarrizko Osasun Laguntzarako Plana “oraindik” paperean idatzita dago, eta ez praktikara eramaten: “Ez dago inolako konpromisorik arreta hobetzeko; legealdi osoan jabetu gara horretaz eta pandemia aitzakia ederra izan da”.

Altsasuko egoerari ere heldu diote, eta azpimarratu dute osasun arloko langile falta egotea “onartezina” dela: “Profesionalok eta herritarrok nazkatuta gaude egoera hori jasateaz”. Beharrezkoak diren langile guztiak kontratatzea eskatu dute, zentroko gainerako langileengan gainkargarik ez uzteko.

Osasun zentroak profesional berriekin indartzeko konpromisoan, "kea saldu" dutela salatu dute: "124 erizain behar diren lekuetan, 41 kontratatu dituzte"

Bestalde, salatu dute Primariarako Erronka txostenean Nafarroako Osasun Departamentuak osasun zentroak profesional berriekin indartzeko konpromisoa ez dutela guztiz bete, eta “kea saldu” dutela: “124 erizain behar diren lekuetan, 41 kontratatu dituzte; biztanle gehien dituzten zentroetan, erizaintzako zainketa osagarrietako 12 teknikari beharko lituzkete, baina 5 daude gaur egun; psikologiako 16 profesional beharko lirateke, eta 3 kontratazio baino ez dira egin, eta, azkenik, 11 administrari beharko liratekeen tokian, 5 daude”.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren “konpromiso falta” kritikatu dute: “Ez dute borondaterik Osasun Laguntza indartzeko; lan baldintza prekarioak hobetzeko; eta gehiegizko lan karga murrizteko”. Konpromiso falta hori aurrekontuetan sumatzen dela diote.

Pribatizazioa

Bileran ez zuten mutualitateen inguruan hitz egiteko astirik izan, baina aurrera begira landu beharreko zenbait auzi nabarmendu dituzte: Mutualitateek Osasunbideako historia klinikoak eskuratu ahal izatea “arriskutsua” dela; osasun pribatua “indartzen” dutela osasun publikoaren bidez; eta erabiltzaileek mutualitateen sisteman eskubide falta dutela.

Gaineratu dute beste gai batzuk ere bileratik kanpo geratu direla; hala nola, Artundok baliabideak pribatura bideratzearen alde egin zuela; ez zituela aipatu aparteko orduak; farmazia gastuen murrizketak; eta mendekotasuna osasun sistema publikotik artatzea.

“Kontuan hartu behar dira osasun-sistema publikoaren defentsarekin konprometitutako erabiltzaileen beharrak eta konponbideak”, eskatu dute Nafarroako Osasun Plataformako kideek. Hortaz, datorren aurrekontuetarako eta Nafarroako Osasunari buruzko Foru Legearen oinarriak ezartzeko lantalde parlamentarioan parte hartzeko kontuan hartzea exijitu dute.