Ez Dago Hilda festibalaren antolakuntzak azaldu duenez, festibal honen helburua dirua lortzea izanen da Iruñerriko eszena autogestionatuak behar duen entsegu espazio bat eskuratzeko. Urriaren 28an Berriozarko Ilargi parkean ospatuko da hirugarren edizio hau.
Gaztetxeek eszenari emandako laguntza eskertze bidean, eta Iruñerriko gaztetxeek jasandako errepresioa apaltzeko 2 jaialdi ospatu ondoren, Ez Dago Hilda ekimenak eszenak dituen beharrak identifikatzeko inkesta bat zabaldu zuen musika taldeen artean. Helburua, behar horiei aurre egiteko tresnak lortu eta eszenaren eskutara jartzea.
"Inkestaren emaitzen bidez entsegu gela zein areto pribatuen presentzia altua nabaritu dugu", adierazi dute antolatzaileek. "Horretaz gain, eskaintza kulturala mugatua dago udaletxe edo interes pribatuentzat etekinak bermatzen dituzten eskaintzak direlako gehien ikusten direnak, gainontzeko eskaintzak espaziorik gabe geratuz. Azken finean, honek eskaintza musikala mugatzen du, entzuleak entzun eta musika taldeek jotzen dutena estandarizatuz".
Inkestaren datu hauekin, jaialdiaren antolatzaileek erabaki dute hemendik aurrera antolatuko den guztiaren etekina eszena autogestionatuak dituen beharrak asetzeko lokal bat lortzea non taldeek entseguak eta kontzertuak antolatzeko aukerak izango dituzten, beti ere modu autogestionatu batean.
Urriaren 28an Berriozarren
III. EDH Fest urriaren 28an ospatuko da Berriozarko Ilargi parkean. Aurten egun bakarrekoa izanen da, goizeko 12:00tan ateak ireki eta 12 talde izanen dira oholtza gainean gaueko 4:00rak arte. Ibil Bedi, Perlata, Xoriñoak Kaloian, Kaleko Urdangak, Streetwise, Katu, Burutik, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean, Attürri, Penadas Por La Ley eta Azken Sustraiak izan dira arituko diren musika taldeak.
Dagoeneko sarrerak salgai dira 22€ truke Iruñeko Aitzina, Ezpala eta Herriko tabernetan, baita, online ere festibalaren webgunean.
Berriozarko herriari eskerrak eman dizkiote laguntza guztiagatik eta herria errespetatzeko deia luzatu dute.