argia.eus
INPRIMATU
Ez dago euskal Y-a Europa iparraldearekin lotzeko datarik
  • Iñigo Urkullu Frantzia eta Portugalek Espainian dituzten enbaxadoreekin bildu da, AHTaren loturen eraikuntza mahai gainean jartzeko. Atlantikoko makroeskualde baten beharra adierazi du EAEko lehendakariak, eta Frantziari eskatu dio trenbide konexioa azkartzeko. 

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 13a

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria Frantzia eta Portugalek Espainian dituzten enbaxadoreekin bildu da asteazkenean, eta adierazi du AHTaren loturak azkartzeko Atlantikoko makroeskualde bat sortu beharra dagoela. 

Urkulluk Jean-Michel Casa Frantziako enbaxadoreari eskatu dio azkartzeko trenak Hendaia-Irunekin izango duen lotura eraikuntza, baina Casak ez du zehaztu nahi izan eraikuntzaren amaiera datarik. Hortaz, ez dago euskal Y-a Europa iparraldearekin lotzeko datarik zehaztuta. Lehendakariaren eta Garraio ministroaren arteko batzarra lotzekotan geratu da enbaxadorea.

Urtarrileko Frantziaren eta Espainiaren arteko gailurrean, Frantziak lotura 2030erako eraikitzeko konpromisoa hartu zuela adierazi zuen Espainiako Gobernuak. Frantziako Azpiegitura Batzordearen txostenaren arabera, ordea, Bordele eta Akize lotuko dituen igarobidea ez da eraikiko, gutxienez, 2042ra arte. Europa Pressek apirilean egindako elkarrizketa batean, Casak adierazi zuen "inoiz" ez zutela hitz eman 2030an bukatuko zutenik Atlantikoko korridorea, Mediterraneokoa baino. 

Atlantikoko makroeskualdearen "beharra"

Azken asteetan Urkullu Espainiako erkidegoen babes bila aritu da, Frantziak iragarritako atzerapena dela eta. Besteak beste, Asturiasko, Kantabriako eta Galiziako presidenteekin bildu zen martxoan, Espainiako Gobernuaren aurrean "batasun irudia" emateko asmoz. Orain, Frantzia, Espainiako eta Portugalgo atlantikoko eskualdeak bilduko dituen makroeskualde baten beharra adierazi du.

Joao Mira-Gomes Portugalgo enbaxadorea Atlantikoko makroeskualdearen proiektua babesteko prest agertu da, horrek Portugal Europa iparraldearekin lotzeko aukera emango diolakoan. Frantziak ere baiezkoa eman du, Espainiak EBko presidentetza hartzean gaia agendan txertatzekotan.

Europa, azalpen eske

Adalbert Jahnz Europako Erkidegoko Exekutiboko Garraioen bozeramaileak adierazi du azalpenak eskatuko dizkiola Frantziari, atzerapenaren inguruan. Horrez gain, Europar Batasuneko Garraio komisarioarekin bilduko dira Urkullu eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentea.