argia.eus
INPRIMATU
Ez da PPren erreinua
  • Orain dela lau urte PPk irabazi zituen udal nahiz foru hauteskundeak, Araban eta Gasteizen. Maroto alkate izendatu zuten, eta De Andres ahaldun nagusi, PSEren botoei esker.

Iñaki Larrañaga @InakiLarra 2015eko maiatzaren 21a

Gezurra badirudi ere, hemendik egun gutxira, maiatzaren 24ko bozetan, bi erakunde horietan gobernu abertzaleak eratzeko baldintzak daude. Aldundian batez ere, eta neurri txikiago batean, hiriburuan ere bai.

Batzar Nagusiak

Hiruren arteko lehia estua sumatzeko nahikoa da, inkestak bazterrean utzita, herrialdeko azken bozketak neurtzea: 2011n PP garaile, 2012ko autonomikoetan EAJ, 2014ko europarretan EH Bildu. Edonork irabazi dezakeen oreka horretan, lehenbiziko suertatzeak ez du Arabako agintea bermatuko. Indar bozkatuena oposizioan gelditu da zenbaitetan: 1987an, 2003an eta 2007an. Oraingoan ere bai, hauteskundeen osteko akordioetan egongo da gakoa.

Alderdi Popularra esku hutsik utziko luke Gasteiz eta Araba galtzeak. Dena ematen ari dira kanpainan haien azken euskal gotorlekua defendatzeko. Kezkatzeko arrazoiak dituzte. Espainiako PPren beherakadak islada izan ohi du Araban. Eta, azpimarratzeko arrazoia: De Andresek ez du inbestidura saioan PSEren babesik izango, 2011n izan zuen bezala, orain ez dagoelako Ajuria Enean mesedea itzuli behar dion Patxi Lopezik.

Eskurik onena EAJk dauka. 2012an 40.000 botoen langa gainditu zuen Araban, Urkulluren alde. Horri eutsiz gero, lehen indarra lirateke. Baina bestela ere, PPren atzetik egonagatik, gehiengoa lortzeko EH Bilduren botoak jaso ditzake Aldundian.

2011n koalizioak “doan” eman zizkion. PSEren babesa ere hel dakioke. Aldundiko makila hartzeko aukera handiak Ramiro Gonzalez jeltzaleak ditu.

EH Bilduri dagokiona Europako hauteskundeetako sorpresa berrestea da. Boto leialaz gain, Salburua eta Zabalgana auzo berri, gazte eta jendetsuetan zabaltzeko joerari eustea. Garaipena gaitza da, Gasteizen zein Araban, baina inoiz baino posibleagoa. Hori bai, lehenbiziko izanda ere, nahikoa babes izango ote luke EH Bilduk Aldundirako inbestidura saioan? EAJrena? Irabaziko ezkertiarrena, akaso? Madrilen gorrotoko luketen Podemosena? Aliantzen jokoa da, itxura batean, EH Bilduren Akilesen orpoa. Dena den, ezingo zaio Gipuzkoa eta Nafarroa aldean gertatuko denari begirik kendu, horrek ere eragina izango baitu Arabako itunetan.

Udalerriak

Udalerri handienetan ere oreka harrigarria da: Laudion, Amurrion eta Agurainen, bi alderdi abertzaleen arteko lehia ehunka boto batzuen bueltan ibili zen 2011n. Aurten ere aurrez aurreko berdina espero dute Aiaraldean eta Lautadan.

Gasteizen, Maroto alkatearen berrespen froga dator. PPren itxaropena. Batetik, hirian garatutako azpiegiturek eskaini dioten aitortza dauka: autobus geltokia, Hiribidearen berritzea, Salburuko Gizarte Etxea... baina, bestetik, zenbateraino higatuko dituzte lorpenak, azken urteko iskanbilek? DBEren kontura sortutako afera arrazistak kaltetuko duen, ala, aldiz, txokokeria vitorianoak indartuko duen, zinez gauza ezezaguna da.

Azken finean, popularrek udaletxean erraz irabaztekotan, ezohikoa litzateke “galtzaileek” Marotori alkatetza galaraztea. Aldiz, EAJ zein EH Bildurekin berdinketa gertatzekotan 25.000 botoren inguruan, giltza hauteskunde osteko itunek izango dute. Koalizioak kanpainan iradoki du, behar izanez gero alkategai jeltzalearen alde egingo duela.