argia.eus
INPRIMATU
“Ez da posible kalitatezko hezkuntza, baliabiderik gabe”
  • “Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki” lelopean, jende asko bildu da Donostia, Gasteiz eta Bilboko manifestazioetan, hezkuntza publikoan murrizketak amaitu daitezela eskatzeko. “Langileak, ikasleak, familiak eta herritarrak gaude gaur hemen; oraina eta etorkizuna daukagu jokoan, ez baita posible kalitatezko hezkuntza, gure haurrek behar duten hezkuntza, baliabiderik gabe”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko urriaren 28a

Hala mintzatu da Xabier Irastorza (ELA). Bere hitzetan, behin eta berriro jarri dute gaia mahai gainean: “Plantillak handitzeko beharra dago, behin-behinekotasuna txikitzekoa, ordezkapenak lehenengo egunetik egitekoa, gainerako murrizketei ere buelta eman behar zaie eta Jaurlaritzak ez die gure eskakizunei inolaz ere erantzuten”.

Negoziaketetan oraindik urrun daude Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuak, eta horregatik, mobilizazioek ez dute etenik; itxialdiak eta grebak aurreikusten dituzte datozen asteetan. Negoziaketak nola doazen kontatu dizuegu aste honetan.