argia.eus
INPRIMATU
Ez da odolik isuri, oraingoz, Spratley uhartedi gatazkatsuan
  • Azkenean, odolik isuri gabe amaitu da apirilaz geroztik Sabina/Xianbin/Escoda atoloiaren urmaelean, Spratley uhartediaren ekialdean, BRP Teresa Magbanua, Filipinen kosta-zaintzako ontziaren aingura-aldi luze bezain atezua. Irailaren 15ean, igandez, aingura jaso eta porturantz abiatu zen; bakean, esan genezake. Aurkariek, noski, ez zioten hartarako bidea eragotzi. Beraz, odolik isuri gabe amaitu da Filipinak eta Txinaren arteko tenkada hori. Oraingoz.

Mikel Aramendi 2024ko irailaren 17a

Horrelakoetan ohikoa denez, alde biek aldarrikatu dute nork bere garaipena. Baina xehetasunei erreparatuz gero, ez du ematen halako berdinketarik legokeenik. Filipinarrek “Mission accomplished” badiote ere hedabideetan, behartuta erretiratu direla adierazten ari dira egintzen azalpenean: eskifaiaren mediku-premiak, eguraldi txarra eta duela hiru aste kideko txinatar batek kolpatuta ontziak kroskoan jasandako kalteak lirateke zergatiak. Txinatarrek, aldiz, garaile/galtzaile logikari iskin egin nahiez bezala, gauzak bere onera etorri besterik ez dutela egin deritzote; baina etorkizunean antzekorik ez dela berriro gertatuko konbentzimendu gutxi antzematen zaie. Askoz estrategikoagoa litzatekeen Scarborough/Huangyan/Masinloc atoloia buruan dutelako, agian?

Deigarria da, edonola ere, alde biek ez dutela zeharka baino iradokitzen azken batean Xianbin/Escodan erabakigarria izan dela dirudien faktorea: gosea. Azken asteetan bederen, benetako “setiopean” eduki baitute Teresa Magbanua une batzuetan dozena pasa izan diren itsasontzi txinatarrek. Hari edonolako hornikuntzak helaraztea eragotzi dute urmaelaren sarbideak buxatuz; eta teorian egingarria izan behar zukeen helikoptero bitartezko sorospena ere ezindu bide dute.

Teorian arrantza-ontzi hutsak liratekeen baina praktikan oraintsu arte asmazioa baino asko gehiago ez zirudien txinatar “Itsas Miliziaren” lehen agerraldi nabaria ikusi (tira, igarri) ahal izan dugula esan liteke. Kostazain filipinar handienari ezarritako blokeoan, txinatar kostazainek noizean behin baino ez baitute esku hartu, eta egitekoaren gehien-gehiena bestelako ontzi horien kontura joan da. Iraganeko kontakizunetarako ez ezik, etorkizunerako benetan aintzat hartu beharreko faktorea da, ezbairik gabe.

Eta berehalako etorkizunari begira jarrita, are deigarriagoa da oraindik alde batetik zein bestetik ez dela fitsik ere esan, Teresa Magbanua-ren krisialdi osoan, ezta hura amaitzean ere, urruti gabe hondoa jota eta askoz abelera okerragoan datzan BRP Sierra Madre guztiz hondatuaz.

Baina, tira, oraingoz ez da odolik isuri Spratley uhartedian. Eta ez dira itsasontzi grisak agertu. Oraingoz.