Aurreko batean, tabernan nengoela, egunkari bateko azalean argazki bat ikusi nuen, Notre Dame katedrala sutan erakusten zuena. Barreari eutsi behar izan nion. Gehienek ez bezala, katedrala Eliza Katolikoaren krimenei eskainitako monumentutzat daukat: adingabeen abusu antolatua, gizarte patriarkala iraunarazteko ahaleginak, talde minoritarioei —LGTBQ komunitatea kasu— egindako gizarte-bazterkeria eta txiroen bizkar, gehienbat, bildutako milioika euroko ondasuna. Batzuek altxor arkitektonikotzat dute, baina nahiago dut egitura horrek gizakiarengan izandako eraginari erreparatu eta ez horren asmo handinahiei, hain gutxitan egikaritu direnak.
Esanak esan, Eliza Katolikoak berreraiki nahi badu, hor konpon. Erabat gaitzesgarria da, ordea, arrapaladan azaldu den ustezko ongile berekoien aldra, “tragediaz” beren interesen alde baliatzeko prest. Frantziako zenbait multimilioidun arin baino arinago hasi dira obretarako milioika euro ematen eta pareko bizkortasunarekin iradoki dute haien donazioek %90eko zerga-desgrabazioa izatea. “Beste inon zoriondu egingo gintuzkete”, diote, baina egiatan azpijoko doilor hutsetan dabiltza, dirua irabazten eta beren irudi publikoa zuritzen gainerakoen kontura. Negozioak, ohi bezala.
Pinault jaunaren 200 milioi euroko donazioak %90eko desgrabazioa jasoko balu, Frantziako gobernuak ez lituzke zergetako 180 milioi euro bilduko. Alegia, Frantziako gobernua behartuta egongo litzateke Eliza Katolikoari, zergarik ordaintzen ez duen erakunde ezin aberatsagoari, 180 milioi ematera. Aldi berean, Pinault jauna ongile publikotzat agertuko litzateke jendaurrean.
Egungo munduan, aberatsak inoiz baino ondasun gehiagoren jabe dira; legalki ala ez, zergarik ez ordaintzea lortu ohi dute eta beren burua planetaren salbatzailetzat jotzen dute guri papur batzuk uzteagatik. Sutea eta egun bat geroago, ia mila milioi euro biltzea lortu dute. Teilatu bat konpontzeko.
Gertaera horrek erakusten digu zein erraza litzatekeen egungo arazoak konpontzea, aberatsek egiazki nahiko balute. Pinaultek berak kalean ongi etorriak liratekeen 26 mila milioi euro ditu. Ez ditu inoiz banatuko, noski. Kontua da jende horrek ahal bai, baina ez duela inoiz ere itzuliko bildutako diru guztia. Diru hori nahi badugu, kendu egin beharko diegu. Ez dirudi gobernua horretarako prest dagoenik, baina agian jaka horiak gai izango al dira? Frantzian, haiek dira gizartearen benetako tragediei erreparatzen ari zaizkien bakarrak eta, argi eta garbi, eliza-gabezia ez da tragedia horietako bat.