argia.eus
INPRIMATU
Korrika ez da 2021ean egingo
  • Koronabirusak eragindako egoera dela eta, 2021ean ez dela Korrika izango eta 2022ra atzeratu dutela jakinarazi du AEK-k gaur eman duen prentsaurrekoan.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 16a
Argazkia: AEK

Korrikaren 22.edizioa 2021ean egitekoa zen, baina pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera dela eta 2022ra atzeratuko dutela jakinarazi dute AEK-ko Korrikaren arduradunek ostiralean eman duten prentsaurrekoan. Uda hasieran abiatu behar zuen urteko edizioari eusteko gogoz baziren ere, "ez da posible izan". Korrikako arduradun Asier Amondok eta AEK-ko koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrenek, Donostiako San Telmo museoan iragarri dute albistea. Euskaldunen eta Korrikazaleen segurtasuna eta osasuna bermatzeko hartu dutela erabakia adierazi dute, erantzukizun handia dela azpimarratuz.

Korrikak sortu duen hutsunea nabarmena izango dela aitortu dute: "Korrikak jendea behar du, herriak, kaleak, bideak. Eta egungo egoera desegonkorrean ezin dugu horrelakorik bermatu", adierazi du Amondok. 2022ko Korrikara iritsi aurretik, egoera berrietara moldatuta zenbait ekintza egitea posible ikusten dute, baina Korrika ohiko formatoan, ez.

AEK-ko ordezkari Iribarrenek, euskaltzaleak Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzera deitu ditu, norberak nahi duen rola hartuz, euskararen alde egiteko ekintza dela adieraziz. "Euskal Herriaren euskalduntzea da helburu nagusia".