argia.eus
INPRIMATU
Adarra Saria 2017
Ez da inoiz hilko
  • Micaela Chalmeta Bartzelonako Sants auzoko kooperatibista feministaren izena daraman Big Bandak beste maila batera igo ditu Fermin Muguruzaren ibilbide osoko kantuak. Victoria Eugenia jendez eta emozioz lepo izan da bart.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 22a
Fermin Muguruza Victoria Eugeniako kontzertuaren amaieran (Argazkia: @ikorkotx)

Hasieratik argi geratu da ahaztezina izango dela gaua. Adarra jotzeko prest, Muguruzaren lehen hitzek eskerrak eta salaketak nahastu dituzte. Eneko Goia Donostiako alkatea txistu artean hartu du publikoak. Sarituak berriz, isildu ezin zen txalo zaparrada jaso du. Eta saria, gaztetxeei eta gune autogestionatuei eskaini ostean, Kortxoenea gogoratu dio alkateari, eta baimenik gabe geratzeko arriskuan dagoen Le Bukowski mitikoa zaintzeko eskatu. Txalo zaparrada bikoitza.

Muguruzaren ibilbidea saritzeko ekitaldiak ezin zuen bestelakoa izan: komunitatearen festa. Komandantearen aginduetara egon diren bere burkide gehienekin egin behar zuen, halabeharrez. Euskal Herriko think tank berritzaileenak bere ibilbideko kantu garrantzitsuenak eskaini ditu, aldarri eta edertasuna nahastuz.

In-komunikazioa izan da lehen kantua. Melodia berriak, brass erritmoak, koroen armoniak eta haize soloak izan dira oinarri, David Pastor-ek zuzendutako big bandean. Konturatzerako Sorkun eta Oskar Benasen lehen kolaborazioa iritsi da, Oasiko Erregina.

Balazalak kantua Laboa, Lertxundi eta Ordorikari eskaini die, euskararen eta euskal musikaren aldeko borroka eskertuz. 2007ko ETAren su-etenaren amaierari buruzko kantua etorkizunarekin lotu du bira estetiko paregabea eginez; Ateak Irekitzeko tenorean gaudela gogoratuz, aukera berriak zabaltzeko beharra azpimarratu du Lukrezia kantuarekin. Dutekin batera egindako neoliberalismoaren kontrako borroka kantuak, 20 urte atzera eraman beharrean aurrera begira jarri gaitu, egindako borrokak gaurkotu eta jarraitzera gonbidatuz.

Ostean etorri dira New Orleansen ondutako kantuak, Black is Beltza, Mess Around edo When I die. Heriotza presente egon da kontzertu osoan; Ion Arretxe, Hasier Etxeberria, Juanba Berasategi, Amaia Apaolaza, Muguruzaren aita bera… Baina heriotza bizitza ospatzeko unea baino ez dela gogora arazi digu: “Ni hiltzean egin hobe dantza”.

“Izan zirelako gara, eta garelako izango dira” oihukatu ostean, belaunaldien transmisioa eta euskal musikaren geroa aldarrikatu du. Ibilaldi osoan izan du presente Muguruzak gazte musikarien lana eta ikusgarritasuna. Arriskatu ere egin du. Eta asteazken gauean ere, Odei Barroso eta La Basu “Izotzezko Erregina” taulara igoarazi zituen a capella rapeatzera. Kontzertuaren erritmo eta indarrarekin apurtu dute, baina ez estetikarekin. Edukiak eta formak bat egin dutelako gazte musikariei bidalitako mezuan: “Egin ezazu behar duzuna”.

Emakumeen ikusgarritasuna aipatzea ere ezinbestekoa da, Micaela Chalmetako lagunen moldeak apurtu baitu kontzertuetan ohitura bihurtu diren irudi eta jarrera maskulinoekin; irriak, txaloak eta emozioak taldekideen artean banatzen dituen eredua da oholtza gainean behar duguna. Baina ororen gainetik musika. Yalah Ramallah-rekin haize indar eta groove biziak itzuli dira eta taldekide bakoitzaren soloek azalak eta erraiak ukitzeko uneak eskaini dituzte. Bandak egindako lana txaloz saritu du publikoak; inori meriturik kendu gabe, gehien jaso dituztenen artean Eva del Canto eta Saphie Wells koristak, Haizea Mariartu saxofoi-jolea eta Gloria Maurel bateria izan dira.

Azken kantuak iritsi behar zuen: Niña Coyote eta Chico Tornadok Rage Against the Machinen Killing in the name terriblearekin areto osoko lepoak jarri dituzte dantzan. Azken notarekin oihala eta txalo zaparrada euria bezala erori dira. Baina ezin da hor amaitu. Egon behar du azken trakarik. Oihalaren atzean zaratak entzuten dira eta gitarra kolpe bat edo beste.

Eta igo da Oihala. Eta hor daude: Negu Gorriakeko taldekide guztiak, Ines Osinaga, Jon, Fino eta Lonbi, eta noski Micaela banda osorik. Orduan inor ez da gai izan eserita jarraitzeko, eta butaka artean dantzan bukatu dute (dugu) guztiok kontzertua. Gora Herriak eta Sarri Sarrik inoiz ez bezala egin dute eztanda.

Muguruzaren ibilbidea saritu da. Baina Muguruzaren ibilbidea ez da soilik berea. Ez eta berarekin egon diren musikariena. Komunitate oso baten ibilbidea da. Bizitza ospatzeko eta madarikatzeko kantatu duen herriaren ibilbidea. Eta kantuok atzo, zentzu berri bat hartu zuten. Ez baitira hilko, kantatzen jarraitzen badugu.