argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Ez da inflazioa pobre egiten gaituena

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko urriaren 21
Azaroaren 19an manifestazioa antolatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan herritarren pobretzearen eta zerbitzu publikoen murrizketen aurka (argazkia: EH Eskubide Sozialen Karta)

Ingalaterrako lanuzteei, Berlineko manifestazioari edota Frantziako Estatuko greba eta mobilizazioei inbidiaz begiratzeari utzi eta Euskal Herrian kalera ateratzeko aukera eskaini digu Euskal Herriko Eskubideen Kartak azaroaren 19an. Lekuan lekuko egoerek aterako gaituzte protesta egitera, eta herrialde bakoitzeko langileek lotuko dituzte euren aldarrikapenak norberaren errealitatearekin.

Jarri dezagun auzia bere lekuan: gure lanei dagokien balioa aitortzea eta horren arabera ordaintzea zor digute. Zor horretan dago, hain zuzen, euren neurririk gabeko aberaste prozesua

Baina finean, guztiok egoera berak mobilizatuko gaitu: geroz eta aberastasun gehiago metatzeko aukera dutela gutxi batzuek, gehiengoaren lanak ematen dituen etekinak bereganatzeko geroz eta botere gehiago dutelako. Muga gutxiago gure lanaren balioa gutxiesteko eta lanaren bidez sortzen dugun gainbalioa bereganatzeko. Lana merkatuan edo merkatutik kanpo egin. Lanak enplegu forma hartu, edota, etxeko lanekin gertatzen den bezala, maitasunaren izenean musutruk egiten dugun generoari lotutako eginkizunaren forma hartu.

Langileok erosahalmena galtzen ari garela ezin da ukatu, eta aurreikusi gabeko inflazioak bistakoa egin du atzetik datorren joera, bere neurri eta dimentsio osoan. Ez gaitu inflazioak pobre egin ordea, gure lanaren truke jasotzen dugun geroz eta soldata eskasagoek baizik; zaintza lanen kasuan, jasotzen ez dituzten soldatek pobretu dituzte emakumeak, bizitza osoa lanean aritu izan diren arren.

Atera gaitezen bada erosahalmena galtzen ari garela salatzera, baina jarri dezagun auzia bere lekuan: gure lanei dagokien balioa aitortzea eta horren arabera ordaintzea zor digute. Zor horretan dago, hain zuzen, euren neurririk gabeko aberaste prozesua, gu pobretzen garen bitartean.