argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA | UDAL ETA FORO HAUTESKUNDEAK
Ez da ezer aldatu?
  • Hiru Batzar Nagusietako emaitzak ikusita, ematen du ez dela ezer aldatu, baina emaitzak, herrialdez herrialde aztertuta, aldaketa batzuk ikus ditzakegu.

Arantza Urkaregi Etxepare 2019ko maiatzaren 27a

Araban PPren jaitsiera azpimarratu behar, 12.000 boz gutxiago, herena galduta. Baina baita, Ahal Dugu-k eta Irabazi-k zuten bozka erdia baino ez duela Elkarrekin Podemos-ek lortu. PSE da gorakada handiena izan duena, EAJren aurretik. EH Bilduk batzarkide bat irabazi du, nahiz eta boza batzuk galdu.

Aldaketa hauen arrazoia? EAJk oso ondo erabili du beldurraren boza, EH Bilduren kontra. PP kanporatu bai, baina Espainiako hauteskundeetan gertatutakoa (EH Bilduk PP kanporatu) errepikatu gabe.

Gipuzkoan, EAJ eta EH Bilduren artean zegoen lehia EAJk irabazi du. Bozetan diferentzia txikia izan arren, EAJk bi batzarkide irabazi ditu. PSEk ea 4.000 boz irabazi ditu, baina oso urrun geratu da Bizkaian eta Araban lortutako igoeratik.

Eta aurrera begira zer? Horretan ez dut uste ezer aldatuko denik, EAJ eta PSEren arteko akordioa berretsiko dute hiru Aldundietan

Zergatik ez du lortu EH Bilduk EAJ gainditzea? Gipuzkoan ere EAJk oso kanpaina erasokorra egin du EH Bilduren kontra, baina hainbat udaletan gertatutakoaren kontra, Aldundia gobernatzeko konfiantza nahikorik ez du EH Bilduk lortu. Zergatiak azterketa pausuagoa eskatzen du.

Bizkaia, gutxien aldatu dena dela esango nuke. EAJk bi ezarleku gehiago, PP eta EH Bilduri bana kenduta, baina ez du gehiengo osoa lortu, eta PSEk bat gehiago PPri kenduta.

Eta aurrera begira zer? Horretan ez dut uste ezer aldatuko denik, EAJ eta PSEren arteko akordioa berretsiko dute hiru Aldundietan. Hauteskunde gauean EAJko buruzagiei entzun diet alderdi guztiekin hitz egingo dutela, guztiokin akordioak egiteko prest. Ez diet sinesten. Aurreko legegintzaldian bestelako akordioak posible ziren eta EAJk eta PSEk zuten gehiengotik ez ziren atera. Ez diet sinesten, gehiengo handiagoak lortzeko aukera egon arren, ez dituztelako gustuko, beraien nagusitasuna kolokan jartzeko arriskuaren beldur baitira.  EAJ eta EH Bilduren balizkoa akordioaz ari naiz.