argia.eus
INPRIMATU
Ez da eskiatzeko elurrik izango Pirinioetan, baina Canal Roya berriz arriskuan Aragoiko PP-Voxekin
  • Joan den maiatzean Aragoiko Gobernuak (PSOE) atzera egin zuen Pirinioetako Canal Roya bailarako telekabina proiektu erraldoiarekin, ordura arte kemenez bultzatu zuena. Orain laino beltzenak ostera ere itzuli dira natur gune preziatura.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko irailaren 14a
Argazkia: Lugares de Nieve

Maiatzeko hauteskundeen ondoren PPren eta Voxen koalizio batek gidatzen du Aragoiko Gobernua eta Heraldo de Aragón egunkarian Mar Vaquero Ekonomia kontseilariak adierazitakoaren arabera, ahaleginak egingo dituzte ikusteko ea zer aukera dagoen proiektua berpizteko, gobernuak beharrezkoa ikusten baitu.

Proiektuarekin hiru eski estazio batu nahi dituzte, Astun, Candanchu eta Formigal, baina horretarako Canal Roya bailara txikituko lukete, era guztietako elkarte eta adituk salatu dutenez. Urteetan Aragoiko lehendakari izan den Javier Lambánek (PSOE) ere argi esan zuen proiektuari agur esaterakoan: “Pirinioetatik eskatu zidaten hau eta orain Pirinioek egiten dute zalantza”. Inguruko udal handienak diren Sabiñanigo eta Jacari egiten zien erreferentzia, hango udalak proiektuaren aurka agertu ondoren.

Orain, datorren irailaren 30ean hainbat elkartek deitutako mendi martxa bat egingo dute Canal Royara, Formigal aldetik abiatuta, eta proiektuaren itzulera salatzeaz gain, eskatuko dute Anayet eremua parke natural izendatzea, haien aburuz hori baita “proiektu suntsitzaileari galga jartzeko era bakarra”.

Pirinioetako eski estazioak arriskuan

Canal Royako proiektuari izaera suntsitzailea egotzi diote, baina surrealismoa ere bai, kontuan hartuta hiru eski estazio batzeko eraiki nahi dela, noiz eta ikerketa guztiek diotenean etorkizunean Pirinioetan ez dela pistetan eskiatzeko elurrik izango.

Abuztuaren amaieran Nature Climate Change aldizkariak argitaratutako artikulu batean azaltzen denez, klima %1,5 berotzen bada, Europako estazioen %32 elur faltan izango dira. Baina, aurreikuspenen arabera, hori baino gehiago igoko da eta datozen hamarkadetan hiru graduko igoera ere oso posible litzateke.

Azken eszenatoki hori emango balitz, Pirinioetako estazio gehienak arriskuan leudeke, Kazeta.eus-en agertu duten bezala. Pirinioetako estazioak dauden altueretan hiru graduko beroketa emango da, eta horrek arriskuan jarriko ditu estazioen %98.

Aipatzen den elur eskasia hori, dena dena, aspalditik sumatzen ari da Pirinioetako estazioetan. Horri aurre egiteko elur kanoiak gero eta gehiago ari dira erabiltzen, baina horrek ur eta energia xahutze handia dakar eta, gainera, hiru graduko igoera hori beteko balitz, alferrikakoa litzateke, ez duelako kanoiak erabiltzeko nahiko hotz egingo.