Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion lehen aldiz dantza efimeroa deneko ideia hori, baina 1996-97 inguruan Nacho Duato elkarrizketatu nuen eta gogoan dut atentzioa eman zidala erantzun batean kontzeptu hori aipatu zuela eta horrek aurrean nuena pertsona jantzia zela pentsarazi zidala.
Orain hiru aste, dantzaren ikerketaren inguruko jardunaldi batean hizlari batek dantzaren izaera efimeroari egin zion erreferentzia arrunt bat, baina oraingoan aurretik hizlari aritutako batek arrapostua eman zion, hain zuzen Cecilia Nocilli eskarmentu handiko dantza ikertzaile italiarrak. Dantzaren izaera efimeroa topiko hutsala zela seinalatu eta zalantzan jarri zuen betiko lelo horren muina. Dantza historialari oparoa da Nocilli eta erraz ulertu genuen dantza, hainbestetan esaten den moduan, benetan efimeroa balitz, berak moduko dantza historialariek ez luketela lan askorik izango.
Azkenaldian kezkaz aipatzen dugu esku-artean darabiltzagun gailuek zer esaten dugun entzun eta egitera iristen ez garen galderen erantzunak saltzen dizkigutela. Oraingoan ere horrelako irudipena izan dut, zer eta Nocillik ohar horiek egin eta egun batzuetara Egil Bakkaren artikulu bat ekarri baitit sareak: Dance – ephemeral or durable?. Letxe, hau ere bai? Bakka ezagututa hau ez da izango badaezpadakoa, pentsatu dut nire baitan.
Nocillik topikoa zalantzan jarri bazigun, Bakka harago doa. Baltsa dantzatzeko hiru adibideren bidez dantza forma batzuen iraunkortasuna agerian jartzeaz gain, ohartarazten du dantza adierazpen iragankortzat jotzea ez dela ondorio ideologikorik gabeko auzi terminologikoa. Bakkak dioenez "zenbait zirkulu artistikok bilatu dute dantza unearen artea bihurtzea, aurrez prestatutako eta ezarritako koreografietatik askatua". Eta jarraitzen du: "badirudi mesfidantza ideologikoa dagoela dantza forma iraunkorren balioaz eta iraganeko markoetatik askatu nahi dela, etorkizunerako ezer ez uzteko". Ahalegin horren porrota ikustarazten digu baina dantza ikertzaile norvegiarrak eta balsaren adibidearekin frogatzen du dantza patroi zehatz batzuk ez direla inondik inora efimeroak: "Mundu zabalean baltsa dantzatzen du jendeak eta dantzak oso forma antzekoan dirau berrehun urtez gutxienez".
Hain zuzen berrehun urte dira Juan Inazio Iztueta zaldibiarrak Gipuzkoako dantzei buruzko liburua idatzi zuenetik eta azken hilabeteotan Mikel Sarriegiren eskutik Gipuzkoako dantza-maisuen dantza moldeetara egiten ari garen bidaiak bete-betean berresten du Egil Bakkak balsari buruz esandakoa. Are gehiago, Urbeltzek aspaldian bistarazi zuena konfirmatzen ari da Sarriegi, euskal dantza-hizkuntza horren hainbat osagai eta sistemaren beraren egitura Berpizkundeko dantza-maisuen oinordeko dela. Bidaia miragarria izaten ari da, eta Mikelek egindako lan ikaragarriarekin batera, harrigarriena da ohartzea nola orain 200 urte idatziz jarritako dantza-instrukzioak orain laurehun urte idatzitakoen berberak direla hainbat pasartetan, eta horietan deskribatutako dantza formak gaurdaino iraun dutela herrietako dantza-tradizioa eta dantza-maisuen jardunean.
Alegia, dantza ez dela efimeroa, inondik ere. Hori bai, gaur egun hori agerian jartzeko bazterrera begiratzen ikasi behar dela ikasten ari gara; jario nagusiak bazterrean utzitakoari erreparatzen. Ertzetan axolagabe geratzen doazen aztarna txiki eta gutxietsietan bilatzen jakin behar dela ikasten ari gara Sarriegiren eskutik; besteak beste Nocillik, Urbeltzek eta Bakkak emandako pistei jarraituz.