argia.eus
INPRIMATU
Ez da bake prozesu iraunkorrik presoek preso segitzen badute
  • 26.000 pertsona izan zineten, oren batzuetan, 2016ko abenduaren 16ko ETAren armagabetze saiakeran Luhuson atxilotu bost pertsonen askatasuna eskatzeko. Hiru urte berantago egoera ezberdina da: erakunde armatua armagabetua eta desegina da, Euskal Herria eta Parisen artean eztabaida gune bat ireki da, eta aurrera pausuak eman dira salbuespeneko neurrien kentzeari begira ere: hurbilketak, bateratzeak, eta Bereziki Zainduriko Presoen estatua kentzea, preso gehienentzat. Puntu hauei begira hala ere, bururaino joatea falta zaigu oraindik.

Mixel Berhokoirigoin Txetx Etcheverry 2020ko urtarrilaren 02a

Urrats garrantzitsuetaz ari gara, baina helburutik urrun gara oraindik, eta gutarik bakoitzak bake prozesuan sinesten badugu, egin den bidea neurtu eta egiteko gelditzen dena zein heinetakoa den begiratu behar dugu. Bake prozesu bat ez da bortizkeria ziklo baten bukaerara edo salbuespeneko neurriek kentzera mugatzen: beharrezkoak diren baldintzak dira baina ez nahikoak! Gatazkaren ondorioak bururaino tratatu behar dira: justizia eta egia biktima guztientzat, eta kondenen egokitzea preso guztientzat. Hemen, beste edozein tokitan bezala, ez da bake prozesu iraunkorrik presoek preso segitzen badute! Alde bakarreko dinamikak ez du erran nahi eskakizun hori zaharkitua denik. Armagabetzea eta desegitea baldintzarik gabe eginagatik, baldintzak izan behar zutenak orain ere ezar daitezke mahai gainean. Alde bakartasunak alderantzizkoa, alde guztien ardura eta adimendua eskatzen ditu orain!

Zoritxarrez, ez gara hortan, batez ere gobernuaren ardurapean den ministerio publikoaren aldetik: Kondenen Aplikaziorako hainbat epaile Euskal Herriko testuinguru politikoa beren erabakietan sartzen hasi direnean baldintzapeko askatasun eskaerei erantzun baikorra emanez, ministerio publikoak sistematikoki aurkezten du helegitea, bake prozesuarentzat oztopo bilakatuz.

Jokamolde hori ez doa bat Macron Presidenteak 2019ko maiatzean Biarritzen egin adierazpenekin «Euskal Herria adibide bat da neretzat gatazkaren konponbidean eta armagabetzean. (...) Estatuaren egin beharra, mugimendua laguntzea da. Ez dezagun historia errepika, lagundu behar da».

Hitz ederrak errealitate bilaka daitezen, heriotz zigorrari EZ erraiteko, pertsona bat 30 urtez preso delarik heriotz zigorrera kondenatua dela erran bait daiteke, bake prozesua bururaino joan dadin, zuen elkartasuna eta presentzia beharrezkoak zaizkigu urtarrilaren 11n Baionan.