argia.eus
INPRIMATU
“Ez da azokak ixteko unea, tokiko elikagaiak sustatzeko unea baizik”
  • Baserritarrak haserre daude, izan ere, elikagaiak erostea oinarrizko behar izendatu duten honetan, herriko azoka eta kontsumo-elkarte askoren jarduna bertan behera geratu da, baina supermerkatu eta saltoki handiek irekita jarraitzen dute. “Azokak seguruak ez badira, are gutxiago jendez gainezka dagoen supermerkatua”. Euren eskaera garbia da: azokak itxi ordez, saltzaile eta erosleen segurtasuna bermatuko duen araudia ezartzea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko martxoaren 17a

"Eratu ditzagun bide seguruak denok ongi jateko"

Osasun larrialdi egoera hau ere, aukera ona da erosketa ereduaren gainean gogoeta egiteko: “zer erosi, non eta nola”, diote lehen sektoreari lotutako sindikatuek. “Eratu ditzagun bide seguruak denok ongi jateko, denok ongi zaintzeko. Kooperatiba, elkarte eta denda txikiek ere egin ahal dute zubi-lan hori. Baserritarrokin harremanetan jarri, eta aurkituko ditugu moduak zuei janari goxoa helarazteko”, dio EHKolektiboak.

Azokak irekita mantentzeko eskatu du baita ere ENBA nekazal elkarteak, salmenta zuzen bidez aritzen diren baserritarrei ahalbidetzeko euren elikagaiak merkaturatu ahal izatea.

Dagoeneko ahul dagoen lehen sektoreari honek guztiak zein ondorio ekar diezazkion kontuan hartzeko eskatu diete sindikatu eta elkarteek agintariei. Lekuan lekuko protokoloak ezarriz, azokak eta kontsumo-elkarteak zabaldu daitezkeela adierazi dute eta Azpeitia jarri dute adibide.

“Gaur egun, inoiz baino garrantzitsuagoa da komunitate eta norbanakoen osasuna bermatzea, gertuko sareak indartzea, eta elikadura subirautzan aurrerapausoak ematea, jaten dugunak berebiziko balioa hartzen duelako”, azpimarratu dute.