Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko kidea elkarrizketatu du Diagonal hamabostekariak. Lokarriren agur ekitaldian izan da Currin eta azaldu du Espainiako Gobernuak presoen gaia ez eztabaidatzeak "bake prozesua luzatzea" dakarrela.
Euskal Herriko gatazka Irlandakoarekin alderatzean egoeren desberdintasuna azpimarratu du Currinek, Irlandan amnistia eskatzen zelako eta Euskal Herrian presoen gerturatzea. Arazo horrek ez lukeela gai politikoa izan behar uste du: “Nazioarteko Giza Eskubideen Konbentzioak presoek familiengandik gertuen dauden espetxeetan egon behar dutela dio”.
Frantzia Espainiako Gobernuarekin lerrokatzea “zoritxarrekoa da” abokatu hegoafrikarraren ustez. Horrelako prozesuetan erakunde paramilitar edo terroristekin lotura edukitzeagatik preso dagoen jendea aske utzi beharko litzatekeela adierazi du Currinek, “odol krimenik bere gain ez dutelako”.
Espainiako Gobernuaren konpromisorik gabe armagabetzerik ez dela egongo uste du Nazioarteko Harreman Taldeko kideak. Irlandako prozesuarekin alderatu du hau. “IRAri ez zitzaion eskatu armak Britainiako Gobernuari emateko –azaldu du Currinek–, ‘arma kaxetan’ sartu eta nazioarteko ikuskatzaileek hori egiaztatzea baizik. Kontua ez zen izan estatuaren aurrean amore ematea”.
Euskal Herriko gizartea blokeo egoeraren aurrean egiten ari dena oso positiboki baloratzen du Currinek: “Ikusgarria da gizartea ematen ari den erantzuna. Baita ere EAJrena, Eusko Legebiltzarrarena, bereziki Urkullu lehendakariarena, eta Bildu eta ezker abertzalearena, noski”.